NAIZ

Ikasturtea bukatutzat ematea aldarrikatu du Gora Ikasleon Borroka ekimenak

Gora Ikasleon Borroka dinamikak elkarretaratzeak egin ditu ostiral honetan Hego Euskal Herriko zenbait puntutan. Bertan aldarrikatu dute ez dagoela «beharrik» ez ezta «bermerik» ikasturtea ikasgeletan bukatzeko. Horrez gain, ikasturtea amaitutzat ematea eta Hego Euskal Herriko selektibitatea bertan behera uztea eskatu dute.

Gora Ikasleon Borroka mugimenduak ikasleak erdigunean ipintzea aldarrikatu du. (NAIZ)
Gora Ikasleon Borroka mugimenduak ikasleak erdigunean ipintzea aldarrikatu du. (NAIZ)

Duela bi hilabetetik Euskal Herriko ikasleak etxetik ari dira eskolak jasotzen eta Gora Ikasleon Borroka dinamikatik uste dute ikasleen beharrak ez direla aintzat hartu testuinguru berri honetan. Era berean, iruditzen zaie ikasketa prozesua ez dela egokitu testuinguruak eskatzen zuen egoerara.

Egoeraren hausnarketa bat egin ostean, aldarrikatzen dute ikasturtea bere horretan bukatutzat ematea eta Hego Euskal Herriko selektibitatea bertan behera uztea.

Iruñeko eta Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzetan beraien eskakizunak plazaratu dituzte, baita Nafarroako Erriberan, Aiaraldeko institutoetan, Bortzirietako Toki Ona institutuan...

«Momentuak curriculumaren pautak itsuki jarraitzea eskatu duela eta eskatzen duela uste duzue benetan? Ohiko pedagogia eredu eta metodologiekin?», galdetu egin dute.

Bi hilabete hauetan, gainera, ikasleen arteko ezberdintasunak agerian gelditu direla ohartarazi dute. Kritikatu dute jakintzat eman dela etxe guztietan ordenagailu, interneteko konexio, liburu eta koadernoak daudela, errealitatea halakoa ez denean.

Edukien lanketaren baitan, segregazioak areagotu egin direla dira esparru ezberdinetan eta ondorioztatu dute ikasleria multzo homogeneotzat tratatu dutela, «inondik ere horrela ez denean. Argi dago beraz, neurri hauek ikasle sumiso, akritiko eta pasiboak erreproduzitzeko asmoa dutela».

Hilabete hauetan etxetik eskolak jasotzen egon ostean, ez dute ontzat joten «ezer gertatu ez balitz bezala» ikasgeletara itzultzea, are gehiago, egoera egokituko ez den ikasketa eredu batekin jarraitzeko. Beraien ustez, ez dago beharrik «ez eta segurtasun bermerik ere» martxoaren 25etik aurrera aurrez aurreko eskoletara itzultzeko.

Ikasleak erdigunean

«Ikasketa prozesuaren zentroan ikasleok ez gaudelako, galdetu ere egin ez zaigulako, hezkuntza komunitatea alboratu delako, erabakiak gure behar eta errealitateak aintzat hartu gabe ebatzi direlako», kexatu dira, «oso haserre».

«Egoera ona izan ez eta produkzioaren izenean segurtasun neurriak malgutu eta erabaki okerrak planteatu dira, tartean ikasleon osasuna arriskuan jarriz», ohartarazi dute.

Ikastetxeen irekiera –Lanbide Heziketako, Batxilergoko 2. mailako eta DBHko 4. mailako ikasle eta irakasleentzako– martxoaren 25etik aurrera izatea erabaki du azkenean Lakuak, sektoreko sindikatuen presioak eta Madriletik jasotako irizpideak tarteko. Honen aurrean, Gora Ikasleon Borroka plataformatik «ozen» esaten dute ez direla klasera itzuliko.

«Hezkuntza sistema hauek ez gaituzte ikasleok erdigunean jarri eta aintzat hartzen, ez die gure behar errealei erantzuten eta gutxiago Euskal Herriarenei», kritikatu dute.