Dabid Lazkanoiturburu

Black Lives Matter mugimenduak ez du Elizaren bedeinkapenik nahi

60. hamarkadatik hona, komunitate beltzaren borrokan pisu ukaezina izan du kristautasunak. Tenpluak zituzten babesleku bakar, antolatzeko eta zauriak sendatzeko. Martin Luther King Jr bera eta haren ondorengoak elizgizonak ziren eta dira. Black Lives Matter mugimendua egungo borrokekin uztartzen da, emakumeekin, gazteekin eta homosexualekin batera. Horrek tirabirak sortzen ditu beltzen artean, baina bat dira arrazakeriaren aurka.

Protesta bat, Minneapolisen. (Chandan KHANNA/AFP)
Protesta bat, Minneapolisen. (Chandan KHANNA/AFP)

Elizek izugarrizko pisua izan dute komunitate beltzaren borrokan. Tenplua antolatzeko gotorleku eta Martin Luther King Jr bezalako eliz gizonentzako bozgorailu zen.

Egun, ordea, Black Lives Matter mugimendua erlijiotik aldendu eta emakumeei, gazteei eta homosexualeei protagonismo handiagoa eskaini nahi die.

«Hamarkada luzeetan, beltzek ezin zuten antolatu, elizan baino ezin ziren bildu. Bertan komunitatea osatzeko eta lidergoak aurkitzeko aukera zuten», gogoratzen du Vincent Lloyd katedratikoak.

Orain sare sozialek era horizontalagoan antolatzeko aukera ematen diete, lidergo argirik gabe.

Lloydekin jarraituz, mugimendua Luther King Jr, Jesse Jackson eta Al Sharpton bezalako elizgizonek ordezkatzen duten lidergotik ihes egiten ari da. 

Aitzitik, protesten lehen lerroan emakumeak, gazteak eta LGTBIQ kolektiboen kideak izan dira. Genero identitate desberdinei errespetua, berdintasun osoaren izenean.

Izan ere, Black Lives Matter beren burua queer bezala aurkezten duten hiru «emakume» beltzek eratu zuten 2013an: Alicia Garza, Patrisse Cullors eta Opal Tometi. Trayvon Martin nerabe beltzaren hilketari erantzunez sortu zuten.

«Mugimendu horretan parte hartu ahal izateko norbera berez liderra izan behar da, ez dizipulua», dio Lloydek, politikan, arrazakerian eta erlijioan aditu denak.

Belaunaldien arteko talka

Eliz kontuetatik ihes egitearen aldeko jarrera horrek tentsioak eragin ditu kristau baloreak bere egiten duten belaunaldiekin. Hauek komunitate beltzarentzat berdintasun ekonomikoa eta politikoaren alde borrokatzen jarraitu behar dela uste dute, sexu-berdinketaren inguruko leloak oihukatzen hasi baino lehen.

Dena den, auzia ez da inolaz ere berria. Garai hartan Martin Luther King bera kritikatu zuten orduan Vietnamgo gerraren aurka egiteagatik eta beltzei zuzenean eragiten zizkien arazoak «ahazteagatik».

Hala ere, komunitate beltzak bat eginda jarraitzen du. Aurreko igandean, Washingtongo dozenaka eliza beltzetan George Floyden omenezko mezak egin zituzten

Minneapolisen egin zioten agurrean 60. hamarkadako ikurrak izan ziren,  Jesse Jackson elizgizona tartean.

Duela sei urte, Fergusonen (Missouri)  Michael Brown-en hilketaren ondoriozko protestatan elizak ekintzaileen gotorleku izan ziren eta bertan lurrean lo egiten zuten polizia kalean jendea jipoitzen ari zen bitartean.

Kontrako aurpegia, eskuin kristaua

Hala ere, protestatan erlijioaren beste irudia somatu da. Eskoletan arrazagatiko segregazioaren abolizioak indartu zuen eskuin kristauarena hain zuzen, batik bat ebangelikoa.

Garai hartan, eskubide zibilen aldeko borrokarekin haserre, ebanjelista zuriek eskola propioak sortu zituzten.  

70. hamarkadaren bukaeran hain handia zen lortu zuten oihartzuna non Alderdi Errepublikarrak haien balore atzerakoiak bere egin behar izan baitzituen, tartean abortuaren aurkako jarrera.

2016an sektore hauen babesa ezinbestekoa izan zen Donald Trumpen garaipenean. Etxe Zuriaren maisterra azaroko hauteskundeei begira ebangelista zuriak xuxurlatzen ari da.

Etxe Zuriaren atarian protestak gori-gori zeudenean, Trumpek Polizia atera zuen ondoko eliza baterako bidea zabaldu eta Biblia eskuetan zuela argazkiak atera ahal izateko.

«Ebangelista zurienganako mezu gardena da: ‘Zuen alde nago eta litekeena da Jaungoikoak ni aukeratu izana momentu latz honetarako’», azaltzen du John Fea historialariak, ‘Believe Me: The Evangelical Road to Donald Trump’ liburuaren egileak.