NAIZ

EHUk ostiral honetan egingo ditu 25 eta 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko probak

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 25 eta 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proben egutegia hasiko du ostiral honetan. Erakundeak behar diren neurriak hartu ditu azterketak egingo dituzten guztien segurtasuna bermatzeko, alegia, epaimahaikideena eta ikasleena, covid-19a dela-eta ezarritako prebentzio neurrien protokoloari jarraikiz. 234 lagunek eman dute izena.

Araban Farmazia Fakultatean egingo dute proba. (EHU)
Araban Farmazia Fakultatean egingo dute proba. (EHU)

25 eta 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko probak ostiral honetan hasiko dira Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako campusetan, EHUk jakinarazi duenez.

Pandemiaren ondorioz sortutako egoera dela eta, probak ohi baino beranduago izango dira. Hain zuzen, Gasteizko Farmazia Fakultatean, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean izango dira azterketak ostiral honetan, goizeko 09.00etatik aurrera.

EHUk jakinarazi duenez, aurten, 234 pertsonak eman dute izena azterketak egiteko: 25 urtetik gorako 180k eta 45 urtetik gorako 54k. Horietatik 40k Arabako campusean egingo dituzte azterketak, 117k Bizkaikoan eta 77k Gipuzkoakoan.

25 urtetik gorakoei dagokienez, unibertsitatera sartzeko probak bi zati izango ditu: orokorra eta espezifikoa, zenbait arlotako ariketekin. 45 urtetik gorakoen kasuan, lehen zatian, unibertsitate ikasketak arrakastaz egiteko ikaslegaien heldutasuna eta egokitasuna aztertuko dira, baita arrazoibide eta adierazpen ahalmenak ere, zenbait arlotako hiru ariketarekin; bigarren fasean, berriz, elkarrizketa pertsonala egingo zaie, ikasketa jakin batzuetan sartzeko gaitasunak eta ezagutzak aztertze aldera.