NAIZ

Euskaraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenak saritu ditu Mondragonek

Maider Azkarraga-Urizar Arana, Maria Heriz Altuna eta Ainhoa Urzelai Vicente izan dira Modragon Unibertsitatea eta Mondragon Korporazioak euskaraz egindako karrera-amaierako proiekturik onena saritzeko lehiaketan lehen postua lortu dutenak.

Sariak jaso dituzten ikasleak. (MONDRAGON UNIBERTSITATEA)
Sariak jaso dituzten ikasleak. (MONDRAGON UNIBERTSITATEA)

Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak euskaraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete Arrasaten duen egoitza nagusian. Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira. Lehen sariaren irabazleak Maider Azkarraga-Urizar Arana, Maria Heriz Altuna eta Ainhoa Urzelai Vicente izan dira, Arizmendi ikastolaren Almen gunearentzat egindako “Literaturaren emaitza Batxilergoko 2. Mailan” lanagatik eta 1.500 euroko saria jaso dute. Bigarren sariaren irabazlea Unai Markina Calleja izan da, IK4-Ikerlanentzat egindako proiektu honengatik: “Fase anitzeko ibilgailu elektriko baten kontrol estrategien diseinua eta balidazioa”. Kasu honetan, 500 euroko saria eman diote.

Sariok duela bederatzi urte sortu ziren, Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. Mondragon Korporazioak helburu hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.

Guztira 571 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 220 euskaraz egin dira, alegia, %38,9, iaz baino %20 gehiago. Mondragoneko kooperatibetan 155 proiektu landu dira eta bertan euskaraz garatu direnen artean, proiektuk parte hartu dute lehiaketan. Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, epaimahaiaren arabera, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.