naiz

Prekarietatearekin amaitu eta etxebizitza eskubidea bermatzera konprometitu da Maddalen Iriarte

«Prekarietatera kondenatze gaituen» Urkulluren eredua gainditu eta lan eta bizitza duinak izateko neurriak hartzeko konpromisoak agertu ditu Maddalen Iriartek. Halaber, etxebizitzarako eskubidea bermatuko dituen politikak bultzatuko dituela esan du, batez ere gazteei eta emakumeei begira.

Maddalen Iriarte, gazteez inguratuta, Donostian egindako ekitaldian. (EH BILDU)
Maddalen Iriarte, gazteez inguratuta, Donostian egindako ekitaldian. (EH BILDU)

Maddalen Iriarte EH Bilduren hautagaiak gazteen prekarietatea eta etxebizitzarako eskubidearen inguruan hitz egin du Donostiako Antigua auzoan, Eraitz Saez de Egilaz hautagai gaztearekin batera. Bertan, 510 familia etxegabe geratzeko arriskuan dira, Blackstone-Testa Socimi funtsak Babes Ofizialeko Etxebizitzen kudeaketa ardura hartu zuenetik geroztik.

Etxebizitza horiek atzean eta hainbat gaztek inguratuta, Maddalen Iriartek esan du etxebizitza «eskubide subjektibo» bat dela, eta ez dela posible «negozioaren alde egiten duen» eta «prekarietatera kondenatzen gaituen» eredu politikoarekin jarraitzea, PSE-EAJ gobernuari erreferentzia eginez. Kontrastean, nabarmendu du berak «konpromisoa» hartuko duela, U12ko hauteskundeen ostean lehendakari izendatuko balute, «zaintza eta pertsonak» erdigunean jartzeko nahiz herritarrei «segurtasuna eta ziurtasunak» eskainiko dizkien aldaketa politikorako eredua sortzeko. Zentzu berean, egungo gazteek emantzipaziorako eta «bizi-proiektu bat hasteko» duten zailtasunak gainditzeko neurri zehatzak hartuko dituela adierazi du.

Zehazki, gazteen emantzipazioa errazteko 300 euroko oinarrizko errenta ezartzeko konpromisoa hartu du eta EAEko biztanle guztientzat etxebizitza eskubidea bermatzeko, 11.000 etxebizitza alokairu publikora bideratuko lituzke eta alokairuen prezioa murriztuko luke datorren legegintzaldian.

«Merezi dugun herria eraikiko duen eta, gazteei eta emakumeei arreta berezia eskainiz, prekarietateari amaiera emango dion gobernua osatzeko konpromisoa», adierazi du Maddalen Iriartek Donostian. «Gurea bezalako herri aurreratu batek ezin du onartu Europako lan prekarietate tasarik altuenetako bat izatea», erantsi du.

Iriartek konpromiso horiek guztiak zehaztu ditu bere auzoan, Antiguan, izan ere, toki horretan «oso ondo irudikatzen da batzuek haientzat prestatu duten etorkizun iluna, segurtasunik eta eskubiderik gabea, prekarietatean oinarritutakoa». Salatu duenez, Benta Berrin «familia askok, 500 baino gehiagok, beren etxebizitzak gal ditzakete putre-funts batek espekulatzeko erosi dituelako, eta familia horiek bota nahi ditu negozioa egiteko», baina instituzioek ez dute operazioa galarazi.

Prekarietatea desagerrarazteko neurriak

Ildo beretik, koalizioak prekarietatea desagerrarazteko eta herritarren eskubideak bermatzeko plan bat eta borondate politiko osoa duela adierazi du, bai eta neurriak zehaztu ere: 33.000 lanpostu berri sortu eta arriskuan dauden 100.000 lanpostuei eustea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, lan erreforma ez aplikatzea, 35 orduko lan astea, enplegua banatzeko.

Gazteei zuzenduta, EH Bilduren lehendakarigaiak esan du bermatuko dizkiela «orain arte esleitu ez zaizkien aukerak».

Bizitza hipotekatuta

Gazteen izenean hitz egin du Eraitz Saez de Egilazek eta salatu du gazteak «kondenatuta» daudela gurasoen etxean bizitzera edo bestela, haien «bizitza hipotekatzera». «Etxe gehiegi daude hutsik, eta pertsona gehiegi etxerik gabe», gaitzetsi du, eta arazo honen aurrean, egungo gobernuak «erantzunik ez» duela eman ziurtatu du.

Bere esanetan, «negozio iturri» bilakatu da etxebizitza eta, horregatik, gazteentzat «luxu» bat bihurtu da. «Inork ez digu bermatu etxebizitzarako eskubidea», agertu du, baina ohartarazi du badaudela «alternatibak», eta alternatiba hori, bere esanetan, EH Bildu da.