Ramón SOLA

EH Bilduren emaitzaz denborapasa bat

ramon sola txuri
ramon sola txuri

Konfinamendu aste luzeak eta uztaileko hauteskunde bitxi hauek igarota jada uda bete-betean garela, EH Bilduri buruzko denborapasa bat proposatzera natorkizue, jolas arin baina adierazgarri bat. Hego Euskal Herriko lau hiribuetatik non lortu ditu boz gehien eta gutxien EH Bilduk legebiltzarretako azken hauteskundeotan? Handitik txikira, nola zerrendatuko zenituzke lauak?

Lasai, erantzuna beherago aurkituko duzue, berehala. Eta trankil, ariketa honen asmoa ez baita zein hiriburu den ezkertiarragoa eta abertzaleagoa nabarmentzea. Hasteko, laurak oso parekaturik daudelako, 20.000 bozen inguruan milaka gutxi batzuen bueltan bilduta. Eta jakina, hiri bakoitzak duen populazioaren arabera edota hauteskunde horretan izan den parte-hartzearen arabera neurtuz gero, sailkapenean gora edo behera egingo zuten guzti-guztiek, postu bat edo gehiago galdu ala irabaziz.

Gakoa, egungo berritasuna, parekotasun hori da. Emaitza deskubritu aurretik, beste jolas bat: egin dezagun belaunaldi bat atzera eta ikus dezagun zer gertatzen zen duela 25 urte, 90eko hamarkadaren erdialdean. 1994an eginiko Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeetan Herri Batasunak 8.880 boz bildu zituen Arabako hiriburuan (eta 6.394 Eusko Alkartasunak), 19.184 Bilbon (10.596 EAk) eta 14.657 Donostian (14.038 EAk). 1995ko Nafar Legebiltzarrekoetan, HBk 9430 eta EAk 3971 Iruñean. Bilbo nagusi beraz, Donostia gertu, Iruñea eta Gasteiz urruti.

Bilakaera ez da soilik hiri handien kontua izan. Guztiz pentsaezina zen orduan ezkerreko alkate abertzale bat irudikatzea Tafallan, Lizarran, Itsasun, Urruñan edo Argantzunen, eta hemen dira. Ondorio asko atera daitezke hortik baina hauxe nabarmenduko nuke: oker ziren –eta dira– EH Bildu kontu identitarioetara murriztu nahi dutenak, ikuspegi horretatik hartuta zerikusi gutxi-gutxi dutelako aipatutako bostek. Herri hain ezberdinetan sostengu hain handia jaso izanak tokian tokiko herritarren beharrei egoki erantzuten ari zaiela esan nahi du.

(Erantzuna, hauxe, igandeko EAEko emaitzak eta iazko Nafarroako Legebiltzarrekoak oinarri: Bilbo lehena, 23.974; Gasteiz bigarren, 20.006; Donostia hirugarren, 19.324; Iruñea laugarren, 14.510, foralak kontuan hartzen baditugu, baina lehena egun bereko udalekoak aukeratuz gero, 26.691).

Asmatu duzue edo harrituta zaudete?