naiz

Osakidetzan 200 kontratazio egitea proposatu dio EH Bilduk Nekane Murgari

Koalizioak proposamen sorta bat helarazi dio Nekane Murga Osasun sailburuari. Besteak beste, 200 kontratazio inguru egitea, laborategiak indartzea eta informazioa gardentasunez helaraztea eskatu du.

Osasun langileak PCR probak egiten, Getarian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Osasun langileak PCR probak egiten, Getarian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

EH Bilduk proposamen sorta helarazi dio, dozena bat neurri, Osasun sailburu Nekane Murgari «koronabirusaren detekzio azkarra eta jarraipena egiteko eta lan horren planifikazioa hobetzeko» lagungarriak izango direlakoan, Rebeka Uberak azaldu duenez. «EH Bilduko Osasun arloko Idazkaritzan Osakidetzan egunero lanean ari direnekin batera lan egin dugu sistemak une honetan dituen beharrak identifikatzeko, eta ondorioztatu dugu Osakidetzako hainbat egitura indartzea behar-beharrezkoa dela Covid-19aren aurkako borrokan ahalik eta hobekien erantzuteko», agertu du Uberak.

Hala, EH Bilduk Osasun Zerbitzuko hainbat ekipo eta egitura indartzea proposatu dio Nekane Murgari, une honetan pertsonal arloan dauden «gabeziek» egiten ari den lanaren «eraginkortasuna mugatzen dutelako». Guztira, Osakidetzak 200 kontratazio inguru egin beharko lituzkeela uste du koalizioak, lehenik eta behin birusaren, kutsatuen eta hauen kontaktuen jarraipena egiten ari diren aztarnarien taldea handitzeko. Arlo horretan 70 langile kontratatzea proposatu du Uberak, eta beste 30 PCR probak egiteko laginak jasotzen dituzten ekipoak indartzeko.

Horrekin batera, ezinbestekotzat jo du laborategiak indartzea, bai eta haien arteko elkarlana ere, «ahalik eta PCR proba gehien eta ahalik eta azkarren egin ahal izateko».

Kontseilu sanitarioaren ekipoa eta osasun publikoko zerbitzua ere indartu beharraz ohartarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak. «Une honetan gainezka daude eta biak behar bezala hornitzeko 80 kontratazio beharko lirateke», esan du. Halaber, Lehen Arreta Zerbitzuan kontratazioekin hastea planteatu du, «udazkenera itxaron gabe eta plantilla %10ean handitzea helburu, zuzeneko arretan zein telefono bidezkoan atzerapenak saihesteko».

Kontratazio berrietatik harago, Uberak azken hilabeteotan itxi diren Etenik Gabeko Arreta Guneak irekitzeko eskatu dio sailburuari, «une honetan ezinbestekoa delako Lehen Arretako eremua indartzea», bai eta protokoloak zehazteko ere, adinekoak bezalako kolektibo zaurgarriak zaindu eta babeste aldera.

Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkideak gardentasunez jokatzeko galdegin dio Murgari: «Osakidetzak adierazleak eta datu guztiak egunero argitaratzen jarraitu behar du, orain arte egin duen bezala. Osakidetzak plazaratu duen asmoa ez da ez onargarria ez ulergarria; ez du zentzurik informazioa murriztea, hain justu, kutsatzeak ugaritzen ari diren unean. Pandemiari aurre egiteko funtsezkoa da gardentasunez jokatzea».