Arnaitz Gorriti

Orioren erakustaldia Euskotren Ligako bigarren erdiari ekiteko

II Bilboko Bandera horiz margotu dute mirotzek aurreneko itzulitik hasita. Sekulako aldea atera dute Donostiarra eta Hondarribiarekiko eta denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu dute.

Orioko arraunlariak, pozarren. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Orioko arraunlariak, pozarren. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euskotren Ligak bigarren erdia ekin dio Ibaizabaleko uretan eta esan liteke horiz margotzen hasi dela. Oriok denboraldiko bosgarren garaipena lortu du sekulako erakustaldia emanez II Bilboko Banderan. Erlojuaren aurka, mirotzek ez dute arazorik izan arerioei branka sartzeko. Espainiako Txapelketa ez direla joango konfirmatu duten egunean, egundoko garaipena lortu dute oriotarrek, eta bost estropadaren faltan, bost puntuko aldea zabaldu dute dagoeneko Donostiarrarengandik.

Arraun Lagunak artean kanpoan izan dela, erlojuaren aurkako dema gogorra izan dute Ibaizabaleko uretan. Izan ere, marea gorantz doala eta haize apur batekin, ibaiko estropada fisikoki ez ezik, arraunketarako ere oso esijentea suertatu da, uraren sakonera eskasa-dela-eta. Sailkapena atzekoz aurrera hartuta, Hondarribia, Donostiarra eta Orio abiatu dira hurrenez hurren.

Hondarribiak, nahiz eta izenik aldatu ez bere hamalaukoan, hamaika kide lekuz aldatu ditu azkenengo estropadarekiko. Donostiarrak eta Oriok haizea eta korronteari aurka eginez ekin diete estropadari, «Ama Gudalupekoak» estribor aldera korronteari indartsuenari iskin egiten saiatu den bitartean. 

Oriok aurreneko luze hortan hautsi du estropada. Donostiarrari bi trainerutik gorako aldea atera dio eta eta ia laukoa Hondarribiari. Bueltako luzean, haizea eta korrontea alde izanda, «Txikik» bere lidertza sendotzeko abagunea ez du pasatzen laga, denboraldiko bosgarren garaipena eskuratuz.

Ez dira, hala ere, mirotzak konformatu. Sekulako bigarren luzea eman dute Nadeth Agirreren aginduetara. Aurreneko luzean adina alde tera dute bigarrenean ere, eta joan den domekan barruan geratu zitzaien arantza gustura asko atera dute. 2020 urteko Euskotren Liga ere horiz margotzen hasi da. Ikusi egin behar igande eguerdian, Lekeitiko IX. Euskotren Bandera, berriz ere Arraun Lagunak falta dela, Bilbon gertatakoa errepikatzen den ala lehia estuagoa ikusi ahal izaten den.

II. Bilboko Bandera:

1-Orio 10:44.84

2-Donostiarra 10:57.02

3-Hondarribia 11:07.66

Euskotren Liga:

1-Orio 26 puntu

2-Donostiarra 21

3-Arraun Lagunak 13

4- Hondarribia 12

Tolosaldea, geraezin ETE Ligan

Bestalde, Tolosaldeak are eta indartsuago jarraitzen du ETE Ligako buruan, II. Zumaiako Ikurrina bereganatu ostean. Bigarren txandan aritu den Hibaika izan ezik, Rolosaldea izan da 11 minutuen langa bita duen bakarra eta nahi bezala eraman du denboraldiko hirugarren trapua ere.

Egia da, bestalde, aurreneko luzean Hibaikak ezarri duela denborarik onena, garaile izan direnek baino segundo bat gutxiago eginez. Alabaina, bigarren luzean hortzak estutu eta branka sartu ahal izan dute ETE Ligako liderrek eta segundo pare bateko aldea lortu dute. Ondorioz, sailkapen nagusian Tolosaldeak sei puntu ateratzen dizkio San Juani eta zortzi Zumaiari.

Igande eguerdira zain dago orain ETe Ligako, IV Adegi Bandera jokatuko baita Pasai Donibaneko uretan: hiru luze eta bi ziabogako estropada izango da bera.

II. Zumaiako Ikurrina:

1-Tolosaldea 11:50.57

2-Hibaika 1:52.11

3-San Juan 11:00.60

4-Deusto 11:02.99

5-Zumaia 11:03.86

6-Isuntza 11:15.93

7-Ondarroa 11:16.31

8-Lutxana 11:18.33

9-Lapurdi 11:33.51

ETE Liga:

1-Tolosaldea 27 puntu

2-San Juan 21

3-Zumaia 19

4-Deusto 17

5-Hibaika 16

6-Ondarroa 15

7-Isuntza 9

8-Lutxana 8

9-Lapurdi 3