Nagore BELASTEGI

Etorkizun hurbilean kokatu du Luis Gardek bere bigarren eleberria, ‘Aireportuko musika’

‘Ehiztariaren isilaldia’ eleberriarekin Euskadi Saria irabazi zuen Luis Gardek 2015ean. Orain, Pamiela argitaletxearekin bat egin du berriro bigarrenez nobela bat argitaratzeko, ‘Aireportuko musika’, 2027-2029. urteen artean kokatutako thriller politikoa.

Luis Gardek nobela berria aurkeztu berri du Donostian. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Luis Gardek nobela berria aurkeztu berri du Donostian. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Etorkizun hurbilean kokatu du Luis Gardek bere nobela berria, ‘Aireportuko musika’ (Pamiela). 2027an EHAS erakunde armatuak Leyre Olcoz nafar politikari eskuindarra bahitu du. Ekintzaileek baimena emango diote Olcozi eskutitzak idazteko emazteari zein hainbat politikariei. Bi urte beranduago Koldo Lakarek narratzaile lanak egingo ditu bahiketaren inguruko dokumentuak bilduz, gertatutakoa berreraikitzeko asmoz.

Idazleak berak azaldutakoaren arabera, «botere hegemonikoa zein botere txikien inguruan gogoeta batzuk daude». Adibidez, ikusten da nola gobernuak ordaindutako hedabideek iritzi publikoan eragiten duten komeni zaion norabidean. Lehia bat ageri da botere horrengatik.

Finean thriller politiko bat bezala deskribatzen du, nobela beltzaren elementuak dituelako baina, era berean, hausnarketa batzuk plazaratzeko erabili duelako testua.

Etorkizun hurbilean begia jartzea ez da ohikoa, hare gutxiago gatazka baten inguruan ari garenean, iraganera edo orainaldira jotzeko joera dagoelako halakoetan. Izan ere, «idazleari ez dagokio igerlearena egitea, baizik eta gizartean ikusten dituen joerak proiektatzea asmatzeko hemendik urte batzuetara nolakoak izanen garen».

Garderen ustez, «gauzak ez dira horren aise gainditzen. Inork ezin du aurreikusi hemendik urte batzuetara zer gertatuko den, orain pandemiarekin gertatu den bezala, inork aurreikusi ezin zuen bezala. Etorkizun posibleen artean harakatzea da literatura. Kontatzen direnak gertatu litezke, edo ez. Baina gatazka beti egon izan da, euskaldun belaunaldi askok ezagutu izan dute, orduan etorkizunean baliteke berriro gertatzea edo ez. Nik etorkizun posible bat aztertzen dut, baina ez bakarra», adierazi dio NAIZi.

Idazteko, musika

Kartak, politikarien arteko elkarrizketak, kontrolatutako telefono deien transkripzioak, YouTubetik hartutako bideoak, pertsonaietako batek idatzitako poema, erakunde armatuaren diskurtso politikoa... denek osatzen dute eleberria. Eta guzti horiek ixiltzen direnean agertzen da «aireportuko musika».

Idazlearentzat musika hori da urrunetik datorren soinu bat, hitzik gabea, identitaterik gabea, inpertsonala. «Idazten dudanean askotan musika entzuten dut. Liburuan, zehazki disko bat aipatzen da, Brian Eno-rena. Nire lan egiteko musika bilakatu da, bertzelakorik ezin dut entzun idazten dudan bitartean. Inpertsonala da eta lana egiten uzten dit», aipatu digu Gardek, eta gehitu du «aireportuko musika ere bada, metaforikoki, gure bizi denbora. Gure zereginetan gauden tarte horretan ohartu gabe igarotzen den bizi denbora», zehazten du.

Era berean, aireportu batzuk agertzen dira kontakizunean, eszenatoki gisara. Horiek gizartearen metafora bat bezala ikuste ditu Gardek: «Leku erraldoiak dira, non jendeak ez duen elkar ezagutzen eta badoa bakoitza bere zereginetan sartuta, leku batetik bertzera, bere musika adituz. Irudi polit bat da».

‘Aireportuko musika’ Garderen bigarren eleberria da. 2015ean ‘Ehiztariaren isilaldia’ idatzi zuen, Euskadi Saria irabazi zuena. Ordura arte poesiak idazten eman zuen denbora, eta orain eleberrira itzultzea erabaki du. «Egia erran inoiz ez dut pentsatzen arrakastan. Lehenengoarekin ere ez nuen halakorik espero. Nire ideia komertziala balitz eginen nuke nobela beltz bat, soila, hausnarketa kenduz, eta laburragoa, irakurgarriagoa bilakatzeko. Niretzat arrakasta da gustora gelditzea, eta irakurleek, bakan batzuek esaten didatenean gustatu zaiela, niretzat aski. Eta noski, liburua Pamielak argitaratu duela ikustea», aitortu du, apal.