Arnaitz Gorriti

Euskotren Liga Oriok hankapean du Hondarribian nagusitu ostean

Nahi bezala kudeatu dute mirotzek beren garaipena, ia hasieratik amaierara lidertzan izan ondoren. Arraun Lagunak itzuli da eta azken postua saihestu du, Hondarribiarekin lehia eder bat izan ondoren.

Kolorerik ez du izan Hondarribiko Euskotren Ligako estropadak. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Kolorerik ez du izan Hondarribiko Euskotren Ligako estropadak. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Euskadiko Txapelketan Donostiarrak ederto asko irabazi zion Oriori, baina badirudi Euskotren Liga honek mirotzen izena daramala. Hondarribiako XII. Txingudi Banderan ez du gupidarik izan. Arraun Lagunak uretara itzuli izana behar zen eguneko albiste, baina Nadeth Agirre patroiaren eskutik, egurra galanta eman die bere aurkariei.

Mirotzek hankapean dute iaz lorturiko Euskotren Liga aurten ere irabaztea; igandean Ondarroan irabaziz gero, Euskotren Liga ia poltsikoan izango du, eta Ondarroan lortu ezik, Zarautzen erdietsiko du bere helburua.

Bi luzeko estropadetan, nola ongi hastea ala ziaboga ongi ematea arras da garrantzitsua. Txingudiko badian ez du Oriok errukirik izan aurreneko paladatik hasita. Egokitu zaion hirugarren kalearen zorte onaz, «Txiki» traineruak ihes egin du estropada hasteaz bat. Pare bat minutu nahikoa izan ditu ontzi beteko aldea irekitzeko. Ziabogara iristerako, mirotzek sei segundotik gorako abantaila ireki dute, Donostiarra bigarren lekua nermatu nahian eta, aldiz, Hondarribia eta Arraun Lagunak borroka gogorrean sartu dira zeinek azken postua saihestuko.

Nahi izan balu, Oriok are eta alde handiagoa aterako zukeen, baina behin ziaboga eman ondoren, bere aldea kudeatu beste lanik ez du izan. Donostiarrak, buruzagitza hartzeko inolako aukerarik izan ez badu ere, gutxienez bigarren lekua menpean hartu du, hala sartu baitura azkenean helmugan ere.

Hala, estropadaren gatza eta piperra Arraun Lagunak eta Hondarribiaren arteko demak ezarri du. «Ama Guadalupekoak» bide ona aukeratu du Donostiarraren uberan sartuta. Alabaina, «Lugañeneko» arraunlariek beren itzuleran azken postua saihesteko ahaleginak eta bi egin dituzte, eta baita lortu ere, segundo bakar baten aldeaz izan bada ere.

XII. Txingudi Bandera:

1-Orio 10:46.70

2-Donostiarra 10:53.00

3-Arraun Lagunak 10:58.44

4-Hondarribia 10:59.52

Euskotren Liga:

1-Orio 34 puntu.

2-Donostiarra 27 p.

3-Arraun Lagunak 17 p.

4-Hondarribia 15 p.

Buruzagiak garaile

Larunbat eguerdian Getarian ekin dio arraunaren asteburuak KAE 1 Ligan. Bertoko trainerua, koronabirusaren erruz, ez da estropadan izan, baina huraxe izan da eguerdiko nobedade nagusiena. Izan ere, ko txapelketan erakutsitako indarrari jarraituz, Joseba Fernandezek zuzentzen duen Pedreñak beste garaipen bat eskuratu du.

Aurreneko luzetik bertatik ezarri dute denborarik onena, San Pedro ahal bezain hurbil izan dutela. Alabaina, ez da ezustekoentzat lekurik egon, ez bada San Juanek bosgarren postuarekin konformatu behar izan duela, Deusto eta Arkoteren ondotik. Ondorioz, Pedreñak arraunaren «zilarrezko kategorian» bere abantaila zabaltzea erdietsi du eta harritzekoa litzateke igande arratsaldean, 19.00etatik aurrera, Getxon besterik gertatuko balitz.

XI. Getariako Estropada:

1-Pedreña 20:14.71

2-San Pedro 20:21.66

3-Deusto 20:29.98

4-Arkote 20:37.43

5-San Juan 20:44.47

6-Zumaia 20:46.06

7-Donostiarra B 20:47.88

8-Camargo 20:53.09

9-Astillero 20:53.83

10-Getxo 21:07.53

11-Orio B 21:22.55

KAE 1 Liga:

1-Pedreña 59 puntu

2-San Pedro 53 p.

3-Deusto 43 p.

4-Arkote 42 p.

5-San Juan 42 p.

6-Getaria 36 p.

7-Camargo 28 p.

8-Zumaia 25 p.

9-Donostiarra B 18 p.

10-Orio B 17 p.

11-Astillero 15 p.

12-Getxo 11 p.

ETE Ligari dagokionez ere, Tolosaldeak datorren denboraldian Euskotren Ligan bere burua ikusi nahi duela erakutsi du beste behin. Izan ere, orain arteko estropada guztiak eraman ditu. Hori bai, gogotik bota behar izan du izerdia Zumaiari irabaziko badio. Ziabogan segundo bakarreko aldea atera du, eta azkenerako ontzi betekoa izan bada ere diferentzia –hiru segundo, alegia–, lana gogotik egin ezik, ETE Ligako aurreneko sorpresa izateko ez da asko behar izan.

Bestetik, Ondarroak sekulako lana egin du eta bigarren txandan aterata ere, hirugarren denborarik onena egin du Nagore Osorok entrenatzen duen taldeak. Aldiz, San Juan seigarren posturaino erori da. «Batelerak» Tolosaldea, Zumaia, Ondarroa, Deusto eta Hibaikaren atzetik sailkatu dira hurrenez hurren, eta sailkapen nagusian bigarren jarraitzen badute ere, atzetik datozen Zumaia, Ondarroa eta Deusto sakaka dituzte.

Azkenik, ikusi egin behar igande arratsaldeko 18.00etatik aurrera, III. Donibane Lohizune Zuburuko Ikurrinean larunbateko emaitzak errepikatzen diren ala ez.

XXXVI. Ondarroako Bandera Itsaskorda Saria:

1-Tolosaldea 10:55.15

2-Zumaia 10:58.38

3-Ondarroa 11:04.41

4-Deusto 11:07.45

5-Hibaika 11:10.75

6-San Juan 11:12.84

7-Isuntza 11:30.56

8-Lutxana 11:35.95

9-Lapurdi 12:04.02

ETE Liga:

1-Tolosaldea 45 puntu

2-San Juan 32 p.

3-Zumaia 31 p.

4-Ondarroa 30 p.

5-Deusto 29 p.

6-Hibaika 26 p.

7-Isuntza 15 p.

8-Lutxana 12 p.

9-Lapurdi 4 p.

KAE 1 Ligan eta ETE Ligan gertatuaren antzera, Castrok KAE2 Ligako lidertza sendotu du Zarautzen. Lapurdiri lau traineruko aldea atera dio eta lehenengo ziabogatik aurrera jaun eta jabe izan da. Zarauzko estropadako sorpresa Mutrikuk eman du, hirugarren posturaino eman baitu jauzia bigarren txandatik aterata.

XI. Zarautz Arraun Elkartearen Ikurrina:

1-Castreña 20:50.41

2-Lapurdi 21:03.00

3-Mutriku 21:16.38

4-Busturialdea 21:19.95

5-Hondarribia B 21:21.22

6-Portugalete 21:25.31

7-A.N. Castro 21:49.36

8-Hibaika 21:52.78

9-Santurtzi B 22:06.34

10-Zarautz B 22:22.74

11-Santoña 22:24.38

KAE 2 Liga:

1-Castreña 52 puntu

2-Lapurdi 50 p.

3-Hondarribia B 45 p.

4-Portugalete 38 p.

5-Mutriku 34 p.

6-Busturialdea 32 p.

7-A.N. Castro 26 p.

8-Santurtzi B 22:06.34 17 p.

9-Hibaika 17 p.

10-Zarautz B 14 p.

11-Santoña 5 p.