Jon Ormazabal

Erik Jakak zuntz haustura du eskuin bikian eta hiru edo lau aste emango ditu kantxetatik kanpo

Peio Etxeberriak ordezkatuko du lizartzako aurrelaria min hartuta dagoen bitartean eta Albisuren aurrelaria izango da Caixabank Mastersean.

Min hartu bazuen ere igandeko partida amaitu egin zuen Erik Jakak (Iñigo URIZ/FOKU)
Min hartu bazuen ere igandeko partida amaitu egin zuen Erik Jakak (Iñigo URIZ/FOKU)

Igandeko partida amaitzea lortu bazuen ere, Erik Jakak Zarautzen egindako lesioa larri xamarra da eta asteartean egindako ekografian ikusi ahal denez, Lizartzako aurrelariak zuntz haustura bat du eskuin bikian eta hiru edo lau aste eman beharko ditu kantxetatik kanpo.

Gauzak horrela, Caixabank Mastersean Peio Etxeberriak beteko du Jakaren lekua Jon Ander Albisuren aurrelari gisa Lizartzakoak min hartuta jarraitzen duen bitartean. Lehen partida igandean jokatuko du Zenotzekoak, Elgoibarren, Altuna-Imazen aurka.

Bere txarrean, gauzak ondo joanda, Erik Jakak ez luke arazorik izan behar urrian Binakako txapelketa nagusiko finalerdietako ligaxkako partidak jokatzeko, baina lesioa oso une txarrean etorri zaio, geldialdiaren ondoren berreskuratutako erritmoan berriz ere atzera egitea ekarriko dio eta zuntz haustura honek.