Jon Ormazabal

Etxean otso, eta uso, aritu da Bengoetxea arerio zuzenen aurka garaipena lortzeko (22-14)

Bikote nafarrak oso partida borobila jokatu du Leitzan eta Olaizola-Zabaleta eta Altuna-Imaz harrapatu dituzte sailkapenean zazpigarren puntua batuta.

Ezkurdia baino eraginkorrago aritu da Benegoetxea VI.a bere herriko pilotalekuan (Iñigo URIZ/FOKU)
Ezkurdia baino eraginkorrago aritu da Benegoetxea VI.a bere herriko pilotalekuan (Iñigo URIZ/FOKU)

Erdal esaerak dio ez dela erraza izaten norberaren etxean profeta izatea, baina bada euskaraz beste bat «kalean uso, etxean otso» dioena. Oinatz Bengoetxeak hankaz gora bota ditu gaur biak Leitzako Amazabal pilotalekuan, bere bigarren etxea den horretan, Martija oso sendo batek lagunduta, garaipen ikusgarri eta garrantzitsu bat lortu baitu Ezkurdia-Aranguren arerio zuzenen aurka. Garaipen honekin, bikote nafarrak bere zazpigarren puntua eskuratu du eta Olaizola-Zabaleta eta Altuna-Imazekin berdinduta daude sailkapenean.

Aurrelari leitzarra 'otso' aritu dela esan genezake, oso azti aritu baita partida osoan, jokoa motzean lotuz eta aukera izan duen bakoitzean haginkada zitalak emanaz, baina 36 urte bete dituen astean bertan, arin eta azkar ere ikusi dugu, txispa handiarekin, zuzen, egoki, eta hortik usoarena. nahiz eta Leitzako plazako pilotaleku ederrean hazitako pilotaria izan, Amazabaleko txoko denak ere bikain ezagutzen ditu Oinatz Bengoetxeak eta gaur bertako angelu guztiak bilatu, eta aurkitu ditu, Joseba Ezkurdiaren zoritxarrerako.

Erakustaldi handia eman du Oinatz Bengoetxea sasoi onean dagoen Joseba Ezkudiaren aurka, baina ezin da Julen Martijaren partida bikaina ere aipatu gabe utzi. Batez ere lehiaren bigarren erditik aurrera, bere aurrelariak utzitako aukerako pilota guztiak gozatu eta ezker pareta ondo aurkituz, erabat dominatu du Aitor Aranguren eta Etxeberriko atzelariaren lana erabakigarria izan da garaipena eskuratzeko.

Ezkurdiaren sustoa

Hala ere, ezin esan partida markagailuak iradoki dezakeen bezain erosoa izan denik, ez bederen bere lehen erdian. Izan ere, 10-9ra arte, lehia oso orekatu eta bizia izan da, bi aurrelariek ikuskizun oso polita eta azkarra eskaini dutelarik.

Hortik aurrera, ordea, urdinek txakalaldi bat izan dute euren jokoan. Ezkurdiak huts batzuk pilatu ditu, esaterako kanpora zihoala iruditu eta barruan izan den pilota batean, Arangurenek ere behera egin du nabarmen eta nafarrek lehia hautsi dute 8-0eko partzial batekin.

Bolada horren azken tantoan, gainera, Joseba Ezkurdiak sekulako kolpea jaso du buruan, Aitor Arangureni ihes egindako pilotakada batek bete-betean jo baitu arbizuarra. Zorionez, kolpean geratu da dena, Ezkurdiak ez du konorterik galdu inolako momentutan eta partida normaltasunez amaitu ahal izan du. Hori bai, garaipena urren izan dute, nahiz eta aldea apur bat murrizteko gai izan diren.

Jardunaldia bihar amaituko da, Lekeition, Urrutikoetxea-Irribarria eta Peio Etxeberria-Albisuk jokatuko duten partidarekin.

PARTIDAKO FITXA

Bengoetxea VI-Martija: 22

Ezkurdia-Aranguren: 14

Pilotakadak: 523. Iraupena: 60,06 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-4, 2-4, 2-5, 7-5, 7-7, 10-7, 10-9, 18-9, 18-11, 19-11, 19-14 eta 22-14. Sakeak: Ez da tantorik izan sakez. Tantoak: 10 Bengoetxea VI.ak, 3 Martijak, 7 Ezkurdiak eta 3 Arangurenek. Hutsak: 3 Bengoetxea VI.ak, 2 Martijak, 5 Ezkurdiak eta 3 Arangurenek. Gorabeherak: Sal zitezkeen sarrera guztiak saldu dira Leitzako Amazabal pilotalekuan.