NAIZ

Irungo Gaztelumendi tabernan egon zirenei PCR proba egiteko eskatu die Osakidetzak

Osasun Sailak eta Osakidetzak abuztuaren 24tik 28ra Irungo Gaztelumendi tabernan egon ziren guztiei PCR proba egitera joateko eskatu diete. Asteazken honetan probak egiten hasiko dira Ficoba azokako instalazioetan, eta emaitzak SMS bidez igorriko dira.

Iruñeko Mendillorri auzoan egindako PCR probak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Iruñeko Mendillorri auzoan egindako PCR probak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Osakidetzak eta Osasun Sailak abuztuaren 24tik 28ra bitartean Irungo Gaztelumendi tabernan egon ziren pertsonei PCR proba egiteko hitzordua hartzeko eskatu diete, Irun erdialdeko (943 006 700), Dunboako (943 006 789) eta Hondarribiko osasun zentroetara (943 007 640) deituz.

Asteazken honetan, irailaren 2an, hasiko dira probak egiten 15.00etatik 20.30era, Ficoba azokako esparruan dauden instalazioetan. Ostegunean ere egingo dira, hilaren 3an, toki berean, 08.30etik 20.30era. Emaitzak guztiak SMS bidez igorriko dira, Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazi dutenez.

Era berean, Osasun Sailak eta Osakidetzak jada ezagunak diren prebentzio neurriak gogorarazi dizkiete herritarrei, eta covid-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea), beren etxeetan bakartu daitezela eta beren osasun zentrora deitu dezatela eskatu diete. Halaber, sintomarik ez badute baina PCR probaren emaitzen zain badaude, etxean bakartu behar dutela gogoratu dute.

Azkenik, Osasun Sailak eta Osakidetzak lasaitasuna helarazi nahi izan dute, horrelako neurriak prebentziokoak baino ez direla azpimarratuz. Neurrien helburua da balizko transmisioa lehenbailehen antzematea eta kutsatze gehiago eragoztea.

Mungian PCR egiten hasi dira

Gaur hasi dira PCR probak egiten Mungiako Goieta tabernan abuztuaren 21etik 26ra bitartean egon zirenei, Osakidetzak eta Osasun Sailak astelehen honetan iragarri zutenez. PCR probak Urdulizko Ospitalean egiten dira eta aurretik hitzordua eskatu behar da.