Asier AIESTARAN

Peio Etxeberria eta Albisuk bizirik jarraitzen dute Mastersean Aiegiko garaipenari esker (14-22)

Neurketa bikaina jokatu dute biek eta nagusitasunez menderatu dituzte Martija eta Bengoetxea VI.a, seigarren garaipena eskuratu eta sailkapenean Ezkurdia-Arangurenekin berdinduz.

Peio Etxeberria bikain moldatu da defentsan ere (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Peio Etxeberria bikain moldatu da defentsan ere (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Caixabank Mastersean aukerekin jarraitzeko irabaztera derrigortuta zeuden Peio Etxeberria eta Albisu gaur Aiegiko pilotalekuan, eta ez dute huts egin. Sendotasun aparta erakutsi dute biek eta nagusitasunez menderatu dituzte Martija eta Bengoetxea VI.a, 14-22.

Garaipen horri esker, sei punturekin kokatzen dira sailkapenean, Ezkurdia-Arangurenekin berdinduz eta gaur aurkari izan duten bikotearengandik puntu bakarrera. Altuna III-Imaz eta Olaizola II-Zabaleta ere zazpi punturekin daude nahiz eta oraindik ez duten jokatu jardunaldi honetan.

Lur azkarra du Aiegiko frontoiak, eta gaur gainera hezetasuna ere agertu da, pilotarien lana nabarmen zailduz. Hankak jarri ezinik ibili dira tanto askoan lau protagonistak, eta egoera horretan Albisuren joak min bikoitza egin du atzean.

Lehen tantoetan parekotasuna izan da nagusi, 6-6 eta 8-8ko berdinketak izan dira, baina hortik aurrera zuloa irekitzen hasi dira urdinak. Albisuk oso atzean sartu du Martija, eta Peio Etxeberriak ederki baliatu ditu bere aukerak aurrean.

Aipamen berezia merezi du Zenotzeko aurrelariak. Masterseko bere hirugarren partidan, kasik Lehen Mailan jokatzen duen hirugarrenean, sekulako tantoak egin ditu –11 guztira– eta defentsan ere bikain moldatu da Oinatz bezalako pilotari arriskutsu baten aurrean.

Oinatzek bere-bereak dituen pare bat tanto sartu dizkio –ormabiko pare bat txapela kentzekoak–, baina markagailuan atzetik ikusi eta arriskatzen hasi denean ez du gehiegi asmatu leitzarrak.

Azken tantoa ere Peiok berak egin du atzean, 14-22koa sinatuz 459 pilotakada eta 55 minutuko iraupena izan duen norgehiagokan.