Asier AIESTARAN

Finalerdietan sartzeko urrats handia eman dute Olaizolak eta Zabaletak Lezaman irabazita

Etxarrengo atzelaria jaun eta jabe izan da atzeko koadroetan eta Elezkano-Aretxabaletak ezer gutxi egin ahal izan dute (22-13). Zortzigarren puntua da sailkapenean gorrientzat eta hurrengo faserako txartela ia ziurtatu dutela esan daiteke.

Zabaleta, aurreko partida batean pilota astintzen (Idoia ZABALETA / FOKU)
Zabaleta, aurreko partida batean pilota astintzen (Idoia ZABALETA / FOKU)

Aimar Olaizola eta Jose Javier Zabaleta 22-13 nagusitu dira Lezaman Danel Elezkano eta Andoni Aretxabaletaren aurka. Hori markagailuari dagokionez, kantxa gainean nagusitasuna are argiagoa izan baita.

Etxarrengo atzelaria jaun eta jabe izan da hasieratik, sekulako pilotakadak joz eta Aretxabaleta etengabe atzeko zuloan sartuz. Piloteoan zegoen desoreka horri esker markagailuan beti aurretik joan dira gorriak, baina agian ez espero zitekeen bezainbesteko aldearekin.

Izan ere, egin asko bai –zortzi apuntatu dizkiogu nafarrari, gehienak atzean eta aurreko zuloan ere bai batzuk– baina galdu ere pilota dezente galdu ditu Zabaletak –zazpi gure kontuen arabera–, eta horrek arnasa eman dio aurkariei une askotan.

Gainera, eta jokoan sartzeko oso aukera gutxi zituela ikusita, Danel Elezkano gogotik saiatu da aurrean jokoa nahasten. Eta askotan lortu du: Aimar bezalako pilotari beterano bati kilimak aurkitzeko gai izan da behin baino gehiagotan.

Horrela, urdinak hiru tantora jarri dira une askotan (10-7, 11-8, 12-9 eta 13-10) eta ez zieten gorriei ihes egiten uzten. Meritua onartu behar zaie horretan.

Denbora kontua zen, ordea, neurketa haustea, eta bigarren atsedenaldira bidean tartea asko zabaldu dute gorriek, partidaren bigarren zatian emozioa zapuztuz.

Norgehiagokak beste bi gertaera aipagarri ere utzi ditu. Batetik, Danel Elezkanok sekulako kolpea hartu du gerrialdean zabaletik pilota bat eraman nahian ari zenean. Lezamako pilotalekuak oso kontrakantxa estua du eta pilotarientzat arriskutsua suertatu da une askotan, hurrengorako kontuan hartu beharrekoa.

Bestetik, 21-11rekin, Aimarrek gantxo ederra egin du zabalean, neurketa 22-11 itxi behar zuena, baina aurreko epaileak txartzat eman du errematea. Aimar kexu azaldu da, berak barruan ikusi duelako eta batez ere atzeko epaileak ontzat eman duelako, eta telebistan argi ikusi da pilotak barruan egin duela punpa.

Zorionez anekdota hutsean geratu da jokaldia eta handik gutxira amaitu du Aimarrek berak dema 22-13koarekin, 457 pilotakada eta 55 minuturen ondoren.