Jon Ormazabal

Altuna-Imazek sufritzen asmatu eta balio izugarriko puntua eskuratu dute Lekeition (22-20)

Atzelariaren partida baikainari esker, Peña-Rezusta 17-12 aurreratu dira markagailuan, baina amezketarrak askoz aukera gehiago izan ditu bigarren erdian eta zortzigarren puntua eskuratu dute.

Rezustaren partida izugarriak ez du saririk izan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Rezustaren partida izugarriak ez du saririk izan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Beti azken hatsa ematen duten horietako pilotariak dira Jokin Altuna eta Ander Imaz eta, azken bi asteetan ez bezala, lanerako jarrera horrek sari baliotsua izan du bikote gipuzkoarrarentzat, finalerdietarako bidea asko zabaldu baitzaie Peña-Rezustari Lekeition 22-20 irabazita.

Gauzak, ordea, asko zaildu zaizkie Artolaren ordez aritu den Peña eta Rezusta izugarri bat 12-17 aurreratu baitzaizkie. Jokoan ezer askorik ez zuen arren, Bergarakoak sekulako partida jokatu, goitik behera dominatu du Ander Imaz eta Peñak ere ondo baliatu du abantaila hori tantoak batzen joateko. Ausart ari du tolosarra, ausartegi ere agian, batez ere partida errotik aldatu denean tantoak aurrealdean amaitzen tematu delako eta hor Jokin Altuna askoz eraginkorrago aritu da.

Partida gogor eta luzea izan da gaurkoa ere eta pilotak ere gastatzen joan diren eran, jokoa frontisera gerturatu da eta hor, ordura arte jokoan sartzeko zailtasun handiak izan dituen amezketarraren eraginkortasuna nagusitu da.

Egoera kritiko horretatik bikain irten dira Altuna-Imaz eta zortzi tanto jarraian eginda 20-17 aurreratu dira. Hala ere, azken unera arte sufritu behar izan dute, Rezustak bikain jaitsitako pilota batekin 20-19 gerturatu baitira urdinak.

Tentsio askoko amaieran, polemikarik ere izan da, 21-19 zihoazela, epaileak ez duelako bueltarik eman Altunak Rezusta jo duen pilotakada batean, pilota horrek, nahiko garbi, ona izango zela ematen zuen arren.

Hala ere, partida euren aldera eramateko gai izan dira Altuna eta Imaz eta finalerdietan egoteko pausu handia eman dute.

Irribarria ere, etxean bakartuta

Baikon azken orduetan lau izan badira etxean bakartutako pilotariak –Artola, Arteaga, Erasun eta Urretabizkaia, azken honek gainera positibo eman du testean–, laurak sintomarik gabe eta osasunez ondo daudenak Iñigo Simon enpresako medikuak esan duenez, Aspen Iker Irribarria ere egoera berean aurkitzen da eta ez du bihar Ziordian jokatzerik izango. Iñigo Bikuñak hartuko du bere lekua Urrutikoetxearen atzelari gisa Ezkurdia-Arangurenen aurka.