NAIZ

Azken orduetan zortzi positibo berri antzeman dira Gipuzkoako zahar etxeetako egoiliarren artean

Azken orduetan, Gipuzkoako adinekoen egoitza-zentroetako erabiltzaileen artean zortzi covid-19 kasu positibo antzeman direla jakinarazi du Aldundiak. PCR proben bitartez antzemandako zortzi kasuetatik zazpi Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan eman dira eta 27 kasu daude orotara.

Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitza.
Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitza.

Gipuzkoako adinekoen egoitza-zentroetako egoiliarren artean zortzi covid-19 kasu positibo atzeman dira azken orduetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez.

PCR probek zazpi kasu positibo gehiago hauteman dituzte Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan; beraz, egoiliarren artean 27 positibo eman dira guztira.

Lehen positibo bat detektatu da Errenteriako Jesusen Bihotza zentroan. Egoitza horretan dagoeneko egin zaizkie PCR probak positiboa detektatu den solairu bereko erabiltzaile guztiei, eta hurrengo orduetan probak egiten jarraituko zaie egoiliar guztiei, baita zentroko langileei ere.

Aldundiak jakinarazi du Donostiako Hermano Garate – San Ignacio erresidentzian bizi den adineko batek gaixotasuna gainditu duela.

Covid-19aren PCR proban positibo eman duten pertsonak Gipuzkoako hiru egoitza-zentrotan banatzen dira: lau kutsatu daude Hermano Garate – San Ignacion (Donostia), 27 Santa Maria Magdalenan (Hernani) eta bat Jesusen Bihotza zentroan (Errenteria).

32 kasu positibo orotara

Horrenbestez, Gipuzkoako egoitza-zentroetako erabiltzaileen artean, covid-19aren 32 kasu positibo antzeman direla zehaztu du Aldundiak. Zahar egoitzen sarea 65 zentrok eta 5.425 egoiliarrek osatzen dute.

Astelehen honetako datuen arabera, lau dira ospitaleko arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 19 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan daude, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako koronabirus kasuen arretarako erreferentziazko zentroan.

Joan den abuztuaren 11n bigarren agerraldiko lehen positiboak eman zirenetik, hiru pertsona hil dira Gipuzkoako egoitzetan koronabirusaren ondorioz, guztiak Hermano Garate – San Ignacio zentroko egoiliarrak ziren.