NAIZ
DONOSTIA

Kontzertu bereziarekin omenduko da Donostian Iparragirre, bere jaiotzaren 200. urteurrenean

Jose Mari Iparragirre olerkari eta musikagilearen jaiotzaren 200 urte betetzen diren honetan, Urretxukoari omenaldia egingo zaio kontzertu berezi batekin Donostiako Trinitate enparantzan, larunbatean. Gorka Hermosa, Jon Maia, Gontzal Mendibil eta Jesus Prieto bilduko dira, besteak beste.

Iparragirre, Antonio Maria Lekuonak egindako erretratuan. (NAIZ)
Iparragirre, Antonio Maria Lekuonak egindako erretratuan. (NAIZ)

Iragan abuztuaren 12an bete ziren 200 urte Jose Mari Iparragirre olerkari eta musikagilea jaio zela, Urretxun. Efemeridea ospatzeko asmoz, Euskal Herriko hainbat musikarik bat egin dute omenaldia izango den kontzertua prestatzeko.

Donostiako Trinitate enparantzan izango da, larunbata honetan, eta bertan, besteak beste, Gorka Hermosa musikaria eta Jon Maia bertsolaria arituko dira, biak ala biak urretxuarrak. Antolatzaileen hitzetan «Iparragirre gehien jorratu duen abeslaria», Gotzon Mendibil, eta ‘Kitarra zahartxo bat’ jotzen duen mundu mailako Jesus Prieto ‘birtuosoa’ ere bertan izango dira. Era berean, Kea laukotea eta Easo abesbatzaren ahotsak batu dira kontzertura.

Aurreratu dutenez, «denen artean Iparragirreren musika gaurkotuko dute». Lehen zatian Gorka Hermosak Urretxuko Udalaren enkarguz konposatu duen ‘Urretxutik Mundura’ obra estreinatuko du, Urretxuko «bardo unibertsalari» omenaldi bezala pentsatua.

Aipatu lan berrian, Gorka Hermosak Iparragirreren melodia ezagunenen orkestrazioa eta bere obrak fusionatu ditu, akordeoi, abesbatza eta orkestrarako ‘suite orkestral’ forma bat sortuz, non Iparragirreren eta bere bizitzaren eta obraren paralelismoetan sakonduko duen. ‘Bertso Intermezzoetan’, mugimendu desberdinen artean, Jon Maiak bere bertsoekin koherentzia eta batasuna emango dio obrari.

Azkenik, Gontzal Mendibil bakarlari bezala Iparragirreren kanten bertsio bereziak egingo ditu.