Modu amateurrean hainbat film labur egin ondoren, Ekain Albite (Zumaia, 1999) zuzendariak ‘Haizearen egia’ lan laburra estreinatuko du jaioterriko Aita Mari Antzokian ostegun honetan bertan. Gaur egun Albite zinema-zuzendaritza ikasketak amaitzen ari da Bartzelonako Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Cataluny-an (ESCAC), Zuzendaritza espezializazioan. ‘Haizearen egia’ bere lehendabiziko film labur profesionala da.
Aipatu filme laburrean Tahar gaztearen istorioa kontatu du zumaiarrak: Saharan jaio eta Euskal Herrian bizi den 20 urteko mutilarena, alegia. Haren familiak Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizitzen jarraitzen du eta, egun batean, dei bat jasoko du bertatik: aita hilzorian dago.
Egoerak bultzaturik, saharar gaztea etxera itzuliko da eta, aitaren gorputza garbitzen duen bitartean, musulmandarren usadioak jarraituz, aurre egin beharko die hainbat egoerei, bai eta iraganari, oroitzapenei eta barruan sentitzen dituen kontraesanei. «Lortuko al du bere bizitzako piezak dagokien lekuan jartzea? Gai izango al dira elkar ulertzeko? Eta elkarri barkamena eskatzeko?» dira mahai gainean Albitek jarri dituen galderak.
Estreinaldia bihar izango da, 20.00etan hasiko den aurkezpenarekin abiatuz. Jarraian pelikula eskainiko da eta amaitzeko, mahai-ingurua izango da. Bertan, ‘Haizeraen egia’ lanaz arituko dira Ekain Albite zuzendaria bera, Samuel Ruiz Daralhi elkartearen izenean, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Ritxi Lizartza Maluta Films ekoiztetxearen izenean.
Izan ere, laburmetraia Maluta Filmsek ekoiztu du, eta Zumaiako eta Zestoako udalen, Euskal Fondoaren, Darahli Elkartearen, Wanda Elkartearen eta Lakuako Gobernuaren diru laguntza izan ditu.