Amalur ARTOLA

Haurtzaroko sexu erasoen gaineko eleberria idatziko du Maddi Ane Txoperenak Igartza Sariarekin

Elkar argitaletxeak, CAF-ek eta Beasaingo Udalak ematen duten Igartza Saria Maddi Ane Txoperena kazetari, bertsolari eta idazle hendaiar-lesakarrak jasoko du, ‘Ez erran inori’, haurtzaroan pairatutako sexu erasoek gaztaroan eta helduaroan dituzten eraginez diharduen eleberria idazteko.

Maddi Ane Txoperena, Igartza Sariarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Maddi Ane Txoperena, Igartza Sariarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Maddi Ane Txoperena kazetari, bertsolari eta idazle hendaiar-lesakarrak eskuratu du XXIII. Igartza Saria. Haurtzaroko sexu erasoek sortzen dituzten arrakalez diharduen ‘Ez erran inori’ eleberria idazteko baliatuko du saria. Saria ostegun honetan aurkeztu dute prentsaurrean Elkar-eko editore Xabier Mendiguren, CAF-eko euskara arduradun Joxe Begiristain eta Beasaingo alkate Aitor Aldasorok, eta saria iluntzean jasoko du Txoperenak, Igartza jauregian egingo den ekitaldian. Mendigurenek azaldu duenez, orotara 16 lan aurkeztu dira sariketara eta hendaiarraren proiektua hautatu dute Garazi Kamiok, Irati Jimenezek eta Ana Jakak osatutako epaimahaiak.

Prentsaurrean Txoperenak ere hartu du parte, bere proiektuaren berri emateko. Azaldu duenez, Libe izango da nobelako protagonista, haurra zela sexu erasoak jasan zituen gaztea. Pertsonaia horren bidez, gaztaroan eta helduaren eraso horiek dituzten eraginaz mintzatuko da Txoperena, Liberen ahotsa baliatuz. «Bere emozioetatik, bizipenetatik eta gorputzean sentitzen duenetik kontatuko du sentitzen duena», azaldu du, eta Liberenaz gainera bigarren eta hirugarren ahots batzuk ere erabiliko dituela gaineratu du, pasarte laburrago batzuetan, sexu erasoen ikuspegi ezberdinak jorratu eta horien ondorioen konplexutasuna mahai gainean jartzeko. «Badaude mekanismo batzuk erasoak pairatu dituzten jendearengan, haztura, erruduntasun sentimendua… eta horietan arakatzea da asmoa», argudiatu du.

Bostetik bat erasotua

«Uste dut pil-pilean dagoen gaia dela, baina aldi berean nahiko tabua ere bada. Estatistikek esaten dute bost haurretatik batek jasan duela noizbait sexu erasoren bat… niri asko iruditzen zait, horrek esan nahi duelako jende askok bizi izan duela halako zerbait, baina, aldiz, ez da asko hitz egiten edo ez dugu hori bizi izan duen jende asko ezagutzen», hausnartu du. Azken urtetan Elizaren barruko sexu erasoen gaia bolo-bolo ibili dela ere aipatu du, «benetan larria dena gainera babesten duen instituzio bat duelako atzean», baina estatistikek abusu gehienak ingurune hurbilean gertatzen direla diotela argudiatu du, eta bere protagonistaren kasuan ere hala izango dela aurreratu du.

Gaia minbera denaren kontzientzia badu Txoperenak, «badakit oso gai potoloa dela», eta, alde horretatik, bukatu berriak dituen Gizarte Antropologiako ikasketen karrera amaierako lana sexu erasoei buruz egin zuela eta gaiaz «asko» irakurri duela ziurtatu du. Mari Luz Estebanen ‘Gorputzaren antropologia’ aipatu du gaiari heltzeko «inspiratu» duten obren artean.

Kokalekua eta berezitasun literarioak

Eleberria Euskal Herrian kokatuko du, Donapaleu eta Baiona artean, «tentazioa izaten dugulako halako gauzak kanpoan eta besteei gertatzen zaizkiela pentsatzeko». Hala, Donapaleu herri txikia izanik, arazo gehigarri bat izango du Libek, «mundu guztiak ezagutzen duelako eta erasotzailea ere hurbilekoa delako». Baionara ihes egitea erabakiko du orduan.

Kokaleku gisa Euskal Ipar Herria hautatu izana ez da kasualitatea. «Kokaleku hori hautatu dut ezagutzen dudalako batetik, eta bestetik interesgarria iruditzen zaidalako Hego Euskal Herriko irakurleei begira, bertako errealitatea erakustarazteko eta hango leku eta erreferentziak ere gure iruditeriaren parte izan daitezkeelako».

Berezitasun literarioei begira, aurten argitaratu duen bere lehen nobelaren (‘Nire baitan bizi da’, Elkar) estiloari eutsiko diola esan du. «Aski estilo zuzena da, ez diet buelta asko ematen esaldiei. Gaiagatik ere, agian oso modu gordinean egon daiteke idatzia», hausnartu du, eta Ipar Euskal Herrian kokatua dagoenez hizkuntza aldetik nafar-lapurtera erabiliko duela argitu du.