NAIZ

Dozenaka lagunek erraustegiaren aurkako giza katean parte hartu dute Donostian

Erraustegiaren aurkako giza kateak Donostiako kaleak zeharkatu ditu igande honetako goizean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta. Ibilaldia hondartzatik abiatu da 11.00etan beharreko neurriak jarraituz, hala nola segurtasun-distantzia.

Hondartzatik abiatu da erraustegiaren aurkako giza katea. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Hondartzatik abiatu da erraustegiaren aurkako giza katea. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak giza katea egin du igande honetan Alderdi Ederren, Donostiako Udalaren parean, Zubietako erraustegiaren aurka. «Osasuna bai, errausketarik ez» lelopean, mobilizazioa 11.00etan hasi da, eta, aurreko urteetan ez bezala, aurten hondartzatik Perlaraino igaro da.

Ehunka parte-hartzailek ibilaldian abiatu den lekura itzuli dira, ibilbidean gelditu gabe eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantenduz, covid-19 dela eta. EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen ordezkari batzuek parte hartu dute giza katean.

Hondakinen murrizketa

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak larunbat honetan nabarmendu zuenez, 2009-2019 aldiko gaikako bilketari esker, hiri-hondakinen errefusa 100.000 tona/urte murriztu da Gipuzkoan (238.000 tona 2009an eta 138.000 tona 2019an), hau da, %42 gutxiago.

Bestalde, deitoratu zuen Gipuzkoan badirela «udalerri gutxi batzuk, baina biztanle asko dituztenak, azken urteotan gutxi egin dutenak hondakinen gaikako bilketa hobetzeko, hala nola, Irun, Hondarribia, Lasarte, Elgoibar eta Donostia», non «gaika biltzen dira %40 eta %50 artean, eta urtean 200 kilo baino gehiago baztertzen dituzte biztanleko».

Haren iritziz, premiazkoa da herri horietako udalek «bilketa sistema aldatzea eta gaikako bilketa sistema eraginkorra ezartzea».