Maite Ubiria

Segurtasun-faltaren arazoari erantzuteko, ika-mika eraginen duten neurriak Baionan

Covid-19ak eragindako krisiak oso bestelako eraginak izan ditu. Hala nola, Baionako hainbat auzoek segurtasun arazoak salatu dituzte. Herriko Etxeak kexa horiek aintzat hartu eta udaltzaingoaren plantilla aragotzeko erabakia hartu du. Izan ere, etxegabeen taldeak kalean «luzaroan eserita edo etzan» izan ez daitezen Jean-Rene Etchegarayk izenpetu duen aginduak ika-mila sortu du. Ezkerreko oposizioak eta baita Abbé Pierre elkarteak ere gogor kritikatu dute erabakia etxegabeen aldeko zerbitzu gehiago eskatuz. Ostegunean mobilizazio bat deitu du herritar talde batek Lapurdiko hiruburuan.

Jean-Rene Etchegarayk gaur goizean agerraldia egin du Baionako Herriko Etxean. (Bob EDME)
Jean-Rene Etchegarayk gaur goizean agerraldia egin du Baionako Herriko Etxean. (Bob EDME)

Irailak 18an legealdi berriari begira erronkak finkatzeko agerraldia egin zuen Jean-Rene Etchegarayk. Baionako auzapezak covid-19 krisiak oso bestelako domeinutan izan dituen ondorioak izan zituen aipagai. Era berean, etxegabeak karriketatik ateratzeko harturiko erabakia kririka gogorrak jaso zituen berehala.

Deskonfinamendu ostean hainbat auzotan segurtasun arazoak agertu direla azaldu zuen alkateak. Zehazki «gizalegearen aurkako ekintzak eta delinkuentzia kasuak ugaritu direla» nabarmendu zuen Etchegarayk. 

Bere erranetan ezin da egoera orokor batetaz hitz egin, baina «Herriko Etxeak auzoek, hala nola Baiona Tipian, agertu duten arranguren aurrean ez duela itsuarena eginen», ohartarazi zuen.

Hala, hiri segurtasuna bermatzea aldera udaltzaingoaren plantila handitzeko asmoa agertu du. Egun 38 udaltzain badira Baionan. Herriko Etxeak bertze sei bat kontratatuko dituela laster iragarri zuen auzapezak.

Udaltzaingoaren plantilla eta eskumenak areagotu

Bestalde, Udaltzaingoaren eskumenak eta berme juridikoak areagotzeko beharra nabarmendu du, zentzu horretan frantses Barne ministaritzari deia luzatuz.

Zehazki udaltzainek jendea atxilotzeko eskumena izan dezaten eskatu zuen auzapezak, gai horretan frantses Barne ministro den Gerald Darmaninek aurreikusten duen segurtasun legearen erreformarekin lerratuz.

Izan ere, agerraldiaren ostean FranceBleu irratiak zabaldu zuen berriak zeresan gehiago eman du.

SDFak taldeka egotea karrikan, debekaturik

Irrati horrek plazaratu zuen berriaren arabera, etxegabeak (SDF, frantsesez) kalean «luzaroan eserita edo etzan» izan ez daitezen ordenantza izenpetu zuen ostiralean bertan auzapezak.

Zehazki, etxegabeak taldeka jartzen direnean karriketan, sarritan beraien txakurrak eta zakuak ondoan dituztela, «traba, eta baita beldurra ere» sortzen dutela azaldu du Herriko Etxeak. Debekua goizeko zortzitatik eta gauerdi artean indarrean izanen da.

Jaso dituen kritiken aurrean etxegabeei laguntza emateko Baionan zabalik dauden jantoki eta aterpeak herritar horien alde Herriko Etxeak duen engaiamenduaren probarik onena direla erantzun du Etchegarayk.

Izan ere, karriketan dauden hainbat etxegabek «portaera ez egokiak edo bortitzak» erakusten dituztenean «horiek saihesteko jardungo dugula» gaineratu du alkateak.

Ildo horretan, Bihar Baiona oposizio taldeko kide del Mathieu Berge zinegotziak gogor salatu du erabakia. Udal kontseiluaren baitan eztabaidatu gabe horrelako neurriak hartzea ez dela zilegia uste du hautetsiak.

La France Insoumise alderdiak ere alkarteak harturiko erabakia gogor kritikatu du.

Finean, etxegabeen alde jarduten duen Abbé Pierre Fundazioak erakunde eta elkarteen arteko elkarrizketari bide ematea eskatu du.

«BABn 200 bat lagun karrikan daude eta horiek zaintzeko toki aski ez dago egituretan, hori da arazoa eta horretaz behar zen hitz egin», adierazi du elkarteko kide batek, Chrisian Muratek, Baionako auzapezak onartu duen udal ordenantza berria arbuiatuz.

Ostegunean 16.30tan karrika okupatzeko ekimena deitu du Baionako herritarren talde batek Herriko Etxearen aurrean ordenantza berria salatzeko.