Ondarroan, Leire Bilbao egilearen jaioterrian, bada esaera bat: «Horrek etxeko urak dauzka». Esateko, alegia, pertsona batek bere familiako, bere etxeko, izateko eta egiteko moduak dituela. Etxetik edan duela, eman dioten horretatik, iturburu batetik. Eten ezin jario bat da iturburu hori. Aproposa zitzaion esamoldea bere hirugarren poema liburuaren izenbururaino eramateko. Asteazken honetan aurkeztu du, Susaren eskutik, ‘Etxeko urak’.
Gai bat darabil bueltaka, dela amatasuna, baina gai bezala baino, leku gisa deskribatu du egileak baldintza hori. «Amatasunetik idatzita dago, ama izateak ekartzen duen lengoaia eta begirada berri horretatik», esan du. Horretarako lehen pertsona singularra baliatu du, baina narratzaile bat asmatu du, ahots poetiko propio bat bilatu nahi izan dio narratzaile horri. Ordena kronologiko bat eman nahi izan die 62 poemei, eta ez dute izenbururik bata bestearen atzetik, jario bat bezala, irakurtzeko.
Lau ataletan banatu ditu poesiak eta horietako bakoitza elkarrizketa batekin hasi ditu, «nork bere buruarekin izaten ditugun horietako batekin» Beste elkarrizketa imajinario batzuk ere badaude bertan, eta hor jaso ditu, adibidez, ama izan nahi ez duten emakumeen ahotsak edo ama ezin izan dutenenak. Hil diren idazleak, amamak eta birramamak ere jaso ditu.
Etxea, gorputza, ura
Liburua ez dago amatasun idiliko batetik idatzita, baina ezta amatasunaren ukaziotik ere. Finean, amatsun errealista batetik. Hezur haragizkoa. ‘Etxeko urak’ lanean badira «amatasunarekin lotutako pozak eta minak, badago xamurtasuna eta ama izatearen pisua, disidente izateko nahia eta ordena soziala mantentzearen arduraduna izatearen kontzientzia. Badago dena alde batera botatzeko gogoa eta badago nork bere ama ulertzeko saiakera», aurreratu du Leire Lopez Ziluaga editoreak.
Irudi asko dago. Ura da nagusia, dena josten duen hari gardena. Hasieran aipatzen diren txoriak, zuhaitzak eta arrainak inportanteak dira, eta etxearekin lotzen da gorputza. Amaren gorputza bada ere metafora iturria. Lehengo atalak ‘Urak bota du’ izena du, erditze bat, gorputza eta ura. Bi izaki. Ama eta haurtxoa. «Erditze bat dagoenean, ez da bakarrik ume bat jaiotzen, ama bat ere jaiotzen da», adierazi du Bilbaok.
Listuaz mintzo da beste atal batean. Lengoaiaz ari zaigu ondarrutarra. «Hizkuntza berri baten sorrera ematen da, ama izatean hizkuntza berri baten jabe egiten gara eta hizukuntza berri hori ez da mintzatua bakarrik, bada fisikoa ere. Hikuntza berri horiek nola ulertu eta nola ulertarazi, horrekin egin nahi nuen gogoeta».
Bai, gogoeta egin du. Ama da narratzailea, baina begirada zabaldu du eta beste egoera batzuetatik gertatzen diren amatasunak ez ditu ebitatu. «Oso ondo ulertzen ditu izan nahi ez dutenak, ezin dutenak, eta akaso beren umeak momentu batzuetan gorroto dituenak ere. Narratzaile horrek ere bere lehengo niarekin dialogatzen duenean bada lehen umerik eduki nahi ez zuen emakumea. Badago elkarrizketa bat. Askotan emakume batek ez du ama izan nahi, eta oso iritzi ustez sendoa du, baina denborak edo beste zerbaitek aldatzen du eta badago garapen bat. Nola bizi du amatasun hori? Batzuetan ukazio izan daitekeena, gero onarpena da».