Haritz Larrañaga
Elkarrizketa
Aitor Servier
Aitzinako bozeramailea

«Aitzinako militanteok gure egiten dugu gazte borroka berrasmatzeko dugun ardura»

Aitzina gazte antolakundeak amaitutzat eman du bere ibilbidea. 2013ko azaroaren 2an ‘Jeiki Gazte Eguna’ antolatu zuen gazte talde batek aurkeztu zuen Aitzina lehen aldiz. Horien artean zen Aitor Servier, orduan hamasei urte zituen gazte azkaindarrak eta bera izan zen lehen aldiz Aitzina erakundearen izena publikoki ahoskatu zuena. Orain, 23 urterekin, berari egokitu zaio Aitzinaren disoluzioaren berri ematea.

Aitor Servier, Aitzinako bozeramailea. Bob EDME
Aitor Servier, Aitzinako bozeramailea. Bob EDME

Aitzina gazte antolakundeak amaitutzat eman du bere ibilbidea. 2013ko azaroaren 2an ‘Jeiki Gazte Eguna’ antolatu zuen gazte talde batek aurkeztu zuen Aitzina lehen aldiz. Horien artean zen Aitor Servier, orduan hamasei urte zituen gazte azkaindarrak eta bera izan zen lehen aldiz Aitzina erakundearen izena publikoki ahoskatu zuena, hitzartzeen aurretik ekitaldirako egin zuen olerki baten bitartez eman baitzuen aditzera gazte antolakunde berriaren izena. Orain 23 urte ditu Servierrek eta berari egokitu zaio Aitzinaren disoluzioaren berri emateko prentsaren eskariei erantzutea.

Gazte antolakundeak egin duen zazpi urteko ibilbidea lehen lerrotik bizi izan duzu, bizipenak gori-gorian izango dituzu?
Bai, oroitzapen asko ditut. Urtero uztailaren 14an egin izan ditugun ekintzak ditut gogoan eta baita beste hainbat ekimen ere. Guretzat lehen ekintza desobedienteak izan ziren eta talka bat irudikatzen zuten oso modu nabarmenean. 2014 eta 2015. urteen artean Ipar Euskal Herriko herrietako izenak frantsesez idatziak ziren bide seinale andana lapurtzeko kanpaina egin zuen Aitzinak eta Parisera zihoan tren batean bidali genituen seinaleak.

Batez ere gazte abertzaleak ginen, hortik iritsi ginen militantziara, eta 16 urterekin ukapenari aurre egiteko oso modu argia izan zen, geroago horren ondotik garatu genuen ikuspegi nazional eta sozialaren ikuspegi zabalago bat.

Eta orain desegiteko erabakia plazaratu du Aitzinak. Nola eta zergatik hartu duzue erabaki hori?
Aitzinaren ibilbideari amaiera emateko urrats hauek kontrastatu dira militantzia utzi zutenekin, sorreran parte hartu zutenekin, eta gazte mugimenduan bidelagun izan ditugun kideak ahantzi gabe. Urte luzeetako borrokaren ondorioz, gaur egun Ipar Euskal Herrian sekulako baldintzak daude askapen prozesuan aitzina pausuak emateko, gazte esparrutik ere egin behar zaio ekarpena eta guk gure arduraz egiten dugun irakurketa da Aitzina jada ez zela tresna eraginkorra horretarako, eta hemendik aitzina irekitzen den faseak tresna berriei bide emateko balio behar duela, euskal gazteriak ekarpen bat egin diezaion Ipar Euskal Herrian martxan den prozesu honi. Beraz, Aitzinako azken belaunaldi militanteak bere egiten du gazte borroka berrasmatzeko duen ardura.

Orduan Aitzina desagertu arren, Aitzinako militanteok oraindik baduzue egitekoa?
Desagerpenaren ondorengo lehen urratsa izanen da zazpi urteko ibilbidearen  balorazioan sakondu eta prozesu egoki bat diseinatzea maila anitz eta globalean gazte ugari bilduko dituen gazte borroka hori berriz ere definitzeko. Prozesu honek helburutzat izanen du gazteriarengan ondorio batzuk zabaltzea eta hemendik aitzina sor daitezkeen antolakuntzarako hainbat proposamen kaleratu aitzin, aurrez prozesu kolektibo bat eman beharko da.

Eztabaida prozesu horren emaitzen berri jakingo da da, baina orain, gaur egun, ezinezkoa da esatea zein epetan gartuko den zehatz mehatz, zeintzuk izango diren eduki zentralak, formatua zein izango den, eta noiz eman beharko liokeen bide emaitza bati. Euskal Herriko jendarte osoari borrokarako espazio berriak sortzeko borondatea du prozesu honek.

Baldintzak badira prozesu hori garatzeko?
Gaur egun, nahiz eta Ipar Euskal Herrian orokorrean gazteria dispertsatua eta desaktibatua egon, badago potentzialki antolatzen ari den eta antola daitekeen gazteria bat, ilusioa itzuliko dion proiektu kolektibo bat gorpuztea behar duena. Badago gazteria ikasle mugimenduan antolatzen dena, klimaren mugimenduan, besta herrikoiak antolatzen, sorkuntzan eta kulturan... .

Gure belaunaldiari dagokio, heldutasunez, baina gazte grinarekin erronka horri heltzea eztabaida prozesu baten bidez. Zintzotasun osoz, ikuspegi autokritiko batetik begiratu behar diogu gure ibilbideari, eta 2020. hamarkadako gazte borroka hau birpentsatzeko hainbat eskema zalantzan jarri beharko dira inongo beldurrik gabe. Datorren hilabeteetan hainbat gazteekin harremanetan izango gara, eztabaidak sustatzen, etorkizuneko gazte borrokaren espazioak zer nolakoak izan beharko duten gogoetatzeko.

Zeintzuk dira etorkizunari begira kontuan hartzeko gakoak zuen ustez?
Zazpi urte hauei begira azpimarratu nahi genuen estrategia aldaketaren ostean lehen lerroan egoteko Aitzinak egindako lana. Militantzia ereduan urrats berritzaileak planteatzeko, borroka moldeetan ere bai, gazteriari begirako diskurtsoan... batzuetan asmatu dugu, besteetan ez, eta zazpi urte pasa ostean, galdera batzuk desberdinak dira, baina funtsean asmatu beharreko ardatzak berdinak dira, gu borroka tradizio luze batetik gatoz, tradizio horretatik onena jaso nahi dugu, baina aldi berean,  Ipar Euskal Herriak bere luze zabalean dituen errealitate anitzei helduta, 2020ko galderei erantzun behar zaie.

Gaur egun, proiektu ezkertiar abertzale ekologista baten alde antola daitezkeen gazte sektore zabalen nahiak eta beharrak kontuan hartu behar dira, hor dago erronka, beharra badago mahai gainean, gazte antolakuntza eta borrokaren beharra ez dugu inolaz ere zalantzan jartzen.

Etorkizunari begira, gu konbentzituta gaude funtsezko erronka bat izanen dela gazte mailan nazio mailako dinamikak izatea, horiek ez dute zertan naziogintzan ardaztutako dinamikak izan behar, nahiz eta hori ere ardatz kontsideratzen dugun, baina mendebaldean bizi garen Ipar Euskal Herriko gazteok baditugu hainbat problematika komun, modu bateratuan jorratu ditzakegunak. 

Azken urteetan Ipar Euskal Herrian eman diren aldaketak ere nabarmentzen dituzue agirian...
Aitzina existitu den urte hauetan aldaketa izugarriak izan dira, historikoki ezkertiar eta abertzaleek landu dituzten hainbat gai agenda politikoaren erdigunean kokatu dira, kontsentsu batzuk eraiki dira gatazkaren konponbidean urrats bateratu batzuk emateko, gatazka politikoaren nolabaiteko aitorpen bat eman da, aitortza instituzionala, herrigintza proiektu batzuk sendotzen ari dira, eta Aitzinako militanteak ez gara ikusle soilak izan, hor egon gara itzalean lan egiten, gure ahalen arabera ekarpen xumea egiten, bai gazte mailan konfluentzia espazioak sortuz, bai herri gisa zeuden erronka guzti horietan parte hartuz.

Aitzinako militanteek jakin dute elkar lanean eta ezberdinen arteko urrats horietan parte hartzen eta, uste dugu, hori ezinbesteko aktiboa dela etorkizunean ere ekarpena egiten jarraitzeko, zeren Aitzinako militante horiek bizi osoko ezinbesteko militanteak izatea eta fronte guztietan ekarpena egiten jarraitzea nahi genuke. 

Azken agirian autokritika zorrotza egiten duzue, baina lorpenak ere izango ziren bidean...
Aitzinak balio izan du belaunaldi oso bat termino ezkertiar eta abertzaleetan hazteko, eta urteak pasa ahala, Aitzinara dator ETAren ziklo armatua ezagutu ez duen belaunaldi bat. Hutsegiteak izan daitezke, baina hor izan da gure aldetik saiakera zintzo bat gazte borrokak fase honetan Ipar Euskal Herrian izan behar dituen ezaugarriak berrasmatzeko.Oro har, gazte mugimenduan eta herri mugimenduan hainbat gai erdigunera ekartzeko gure ekarpen xumea egin dugu. Adibidez, Aitzinako talde feministak egin zuen ekarpen kualitatiboa, haize fresko bat ekarri baitzion Ipar Euskal Herriko mugimendu feministari.  

Urte guzti hauetan egin ditugun ekimen guztiek ireki dezakete bide bat. Garai hauetan, badago zer asmatua Estatuarekiko talka beste konfrontazio eredu batzuen bitartez agerrarazteko eta gai batzuetan tentsio maila igotzeko. Uste dugu Aitzinak egin duela ekarpen bat, estrategia jakin bat elikatuz, hor egon gara, etxebizitzaren gaian, euskararen gaian, presoen gaian, burujabetza txapel gisa hartuta bestelako bizi ereduen aldeko dinamikak planteatzen, hor bada bide bat jorratzeko desobedientziaren bidetik. Eta orain, norabide partekatu eta komun baterako hazia jartzea da gure erronka, datozen belaunaldientzat ilusio sortzaile izango dena eta aldi berean prozesu politikoa elikatuko duena.