Asier AIESTARAN

Albisu: «Gu jokatzeko gogoz gaude, ea arratsaldean zer pasatzen den»

Begirada guztiak Baikok eta greba deialdia egin duen pilotari kolektiboak arratsaldean egingo duten bileran dauden arren, gaur goizean larunbatean jokatu beharko litzatekeen Binakako Txapelketaren finalerdietako neurketa erabakigarriaren material aukeraketa egin dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Albisu, aurreko larunbateko partidan (Aritz LOIOLA / FOKU)
Albisu, aurreko larunbateko partidan (Aritz LOIOLA / FOKU)

Bertan izan dira Asier Agirre eta Jon Ander Albisu, eta pentsatzekoa zen moduan, prentsaurrekoan erantzun behar izan dituzten galdera ia denak grebaren ingurukoak izan dira.

«Tristea hori da. Azken bi aste hauetan pilotaz baino gehiago beste gauza batzuetaz hitz egiten da, pena da pilota zaleentzat ere egoera honetan egotea, baina ea hobetzen den eta hobera egiten dugun», aitortu du Albisuk horren inguruan.

Ataundarrak gaineratu duenez, «gu gogo handiarekin gaude larunbatean hemen egoteko, horrelako partida bat ez da askotan jokatzen, hamar urte damatzat mundu honetan eta horrelako aukerak gutxitan izaten dira», baina jokatuko den edo ez jakiteko itxaron egin beharko da: «Ikusiko da gaur arratsaldean bilera nola doan eta ikusiko dugu zer egin».

Aipatu da ez dela une erraza izaten ari beraientzat, baina lasai hartzen saiatzen direla. «Astean zehar entrenatzera joaten zara, baina gai hau buruan daukazu. Momentu erraza ez da, badakigu zer dagoen eta demostratzen ari gara kantxara ateratakoan gure maila ematen ari garela. Garrantzitsuena hori da. Nik uste hori lortzen ari garela, ez gu bakarrik, pilotari guztiok, eta alde horretatik gauza positiboak badaude».

Greba eginez gero finalerdia 22-0 galdutzat emango ote dieten galdetuta, Albisuk esan du ez duela horretan pentsatu nahi oraindik. «Ez dakit, esaten dute ezin dela hori egin, baina gure eskuetatik joaten den kontua da. Gu prest gaude jokatzeko, baina gaur arratsaldean ikusiko da zer pasatzen den».

Ezkurdia eta Martijari ere galdetu diete egoerari buruz, eta batere erosoa ez dela onartu arren horretan ez pentsatzen saiatzen direla esan dute.

«Nahia jokatzea da, dudarik gabe, denontzat onena: pilotariontzat, zaleentzat… Gaur arratsaldean dute bilera eta ea zer pasatzen den. Gu zain gaude, aste arraroa izaten ari da, saiatzen ari gara hori dena ahaztu eta gu gurea ongi egiten. Finalerdiak dira, partida garrantzitsua da, eta ea dena normal joaten den», esan du Joseba Ezkurdiak.

«Ez da sentitzen pilota partida garrantzitsu horietan notatzen den tentsio hori. Foko denak beste gaietan kokatuta daude, eta hori ez da ona pilotarentzat. Baina guk hori ahaztu beharra daukagu», gaineratu du.