XX. mendearen hasierako pinturaren berritzaile nagusietako baten bilakaera artistikoa erakusten du, lau atal geografikotan banatuta, azaroaren 20an Bilboko Guggenheimen zabalduko den erakusketak. Museoak ‘Kandinsky’ dakarkigu, Vasily Kandinskiren (Mosku, 1866 – Neuilly-sur-Seine, 1944) pinturen eta paper gaineko obren erakusketa osatu bat.
Bertako obra guztiak New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Foundation-en funts bikainetakoak dira. Komisarioa Megan Fontanella da, bertako Arte Moderno eta Artelanen Jatorrien Arte-arduraduna. Zehazteke dagoen data batean, Megan Fontanella Bilbora etorriko da erakusketaren zehaztasunak emateko; Elena Vecino, Biologia Zelularrean eta Histologian katedradunak, hitzaldi bat emango du Kandinskiren erakusketa aitzakia hartuta: koloreak soinuekin edo usainekin lotzea eragiten duten giza burmuinaren berezitasunez arituko da abenduaren 15ean.
Bestalde, Kandinskiren obren aurrean eskainitako mikrokontzertuak (azaroak 21 eta 28, eta abenduak 12 eta 19) prestatu dira. Ikusleek musika eta ikusmena uztartzen dituen esperientzia biziko dute egile handi honen obren ondoan, Ensemble Kuraiaren eskutik. Izan ere, egilea esperimentazioaren eta zentzumenak estimulatzearen zale amorratua zen.
Erakusketa 2021eko maiatzaren 23ra arte egongo da zabalik.
Astelehena aprobetxatuz
Bestalde, bertaratu nahi dutenentzat, jakin dezatela museoa datorren astelehenean, urriaren 12an, zabalik egongo dela. Jai egun hauetan bisitari ugari hurbiltzen baitira eta, egun hauek aprobetxatuz, orain gutxi irekitako ‘Lee Krasner. Kolore bizia aldi baterako’ erakusketa bikainaz gozatzeko aukera izango dute.
Galdu behar ez den beste bat ‘Olafur Eliasson: bizitza errealean’ arrakastatsua.
Beste erakusketa hauek ere bisitatzeko aukera dago: urriaren amaieran itxiko den ‘Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa, 1948–1958’ erakusketa eta ‘William Kentridge: 7 atal’ Film & Video aretoan aurkezten dena, eta ‘Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak’, hirugarren solairuan.
Kontuan izan behar da, halere, kultura- eta hezkuntza-jardueren eskaintza zabalarekin hasiko duela udazkena Bilboko museo handiak.
Komisarioekin, arte-kritikariekin eta diziplina ezberdinetako adituekin egindako solasaldiak eta elkarrizketa-saioak, ikus-entzunezko proiekzioak, arte bizien eta diziplina anitzeko arteen jaialdiak, kontzertuak, ikasleentzako Skype bidezko bisitaldi birtualak, erakusketen bideo-bisitaldiak, haurrentzako Arkitektura-laborategia eta Puppy zein Armiarma tailerrak dira, besteak beste, hiruhileko honetarako jarduera nagusiak. Hemen esanguratsuenak: