NAIZ

EHUko zenbait ikertzailek itxialdian haurren ongizatea neurtzeko tresna bat garatu dute

EHUko ikerketa baten arabera, EAEko haurrek ongizate maila ertaina izan dute konfinamenduan, neskak mutilak baino hobeto egokitu dira eta adin txikikoenek 12-14 urteko gazteek baino gutxiago sufritu dute.

UPV/EHUko zenbait ikertzailek itxialdian haurren ongizatea neurtzeko tresna bat garatu dute.
UPV/EHUko zenbait ikertzailek itxialdian haurren ongizatea neurtzeko tresna bat garatu dute.

EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko diziplinarteko talde batek konfinamenduan zehar haurren ongizatea arrakastaz neurtzeko tresna bat sortu eta baliozkotu du. EHUko ikertzaile taldea Nahia Idoiagak, Naiara Berasategik, Maria Dosilek, Amaia Eigurenek, Naiara Ozamizek eta Maitane Picazak osatzen dute, eta astelehen honetan aurkeztu dituzte ikerketaren emaitzak.

EAEko haurrek konfinamendu garaian izan zuten ongizatea osotasunean neurtzea zuen helburu. Horretarako, 26 item erabili ziren ikerlanean, adingabe horiek aste horietan izandako bizi-alderdi guztiak biltzen zituzten 6 dimentsiotan banatuta: emozioak, jolasak, sormenezko jarduera, akademikoa, mendekotasunak (teknologikoak, janariarekin lotutakoak...), errutinak eta jarduera fisikoa.

Azterlana joan den martxotik apirilera bitartean egin zen, EAEko 1.046 haurren artean; horietatik %48,7 mutilak ziren, %51,3, berriz, neskak. Haien gurasoek erantzun zituzten inkestak.

Taldeko kide den Naiara Berasategik azaldu duenez, «konfinamendu egoeran haurren ongizatea modu holistikoan neurtzeko tresna egokia da hau eta, etorkizunean berriro berdin bagaude, txikienek horren kalteak sufritu baino lehen, aurrea hartzen eta irtenbideak proposatzen lagundu diezaguke».

Ongizate maila ertaina

Ikerketako ondorio nagusietako bat da, oro har, haurrek ongizate maila ertaina izan dutela konfinamenduan. Era berean, nabarmentzen denez, errutinarekin lotutako alderdiek izan dituzte emaitza onenak; itxialdi egoerak gehien kaltetutakoak, berriz, jarduera fisikoak, sormenezkoak eta ludikoak izan dira. Bestetik, emozioen alderdian, auzi akademikoetan eta mendekotasunen kasuan (gozokiak jatea, bideo-kontsolekin jolastea, tabletak erabiltzea...), ongizate maila ertaina izan zen.

Ikerketak erakutsi duenez, halaber, sexuaren arabera aldeak egon dira etxeko itxialdian izandako ongizatean. Hala, garai horretan, neskek egoerara moldatzeko gaitasun handiagoa izan dute mutilek baino eta, era berean, adierazpen emozional positiboagoa izan dute ikerketaren arabera.

Etxean egon diren bitartean egin dituzten jarduerak zein diren ikusita ondorioztatu daiteke hori: «Gure azterlaneko neskek jarduera fisiko gehiago egin dute eta sormenezko jardueretan nahiz ludikoetan parte hartu dute. Horrek erakusten du konfinamendura egokitzeko gaitasun handiagoa eduki dutela, orokorrean».–ziurtatu du Nahia Idoiagak.

Beste alde batetik, azterlanean antzeman denez, neska-mutil adingabeak inkestan parte hartu duten pertsona helduak baino hobeto egokitu dira itxialdi egoerara.

Azkenik,etxean kanpora ateratzeko toki bat edukitzea adingabeen ongizaterako faktore garrantzitsua izan dela egiaztatu du ikerlanak.