NAIZ
DONOSTIA

Arte garaikidean testuingurua sortzeko ‘eremuak’ programa Tabakalerara lekualdatu da

Lakuako Kultura sailak sustatua, eta 2010. urteaz geroztik martxan, euskal esparruan praktika artistikoen testuingurua ezartzeko egokitutako programa da. Artistentzat eta sortzaileentzat plataforma bat eskaintzea helburu, azken lau urteetan Bilboko Alondegian garatu ondoren, Donostiako Tabakaleran ezarri da «bide berrien bila»

‘eremuak’ programaren edizio berria Tabakaleran aurkeztu da, bertan garatuko baita. (Tabakalera)
‘eremuak’ programaren edizio berria Tabakaleran aurkeztu da, bertan garatuko baita. (Tabakalera)

Hamar urteko ibilbidea bete du Lakuako Kultura sailak sustatutako ‘eremuak’ programak eta, denbora igaro arren, berberak dira helburuak: euskal artistentzako eta sortzaileentzako plataforma bat eskaintzea, eztabaidarako eta topaketarako giroa bultzatzea eta egungo errealitate artistikoaren behatoki gisa funtzionatuko duen lantoki bat egokitzea.

Baina baditu aldaketak, izan ere lehen bost urteak Gasteizeko Artiumen garatu ondoren, eta aurreko lau urteetan Bilboko Alondegia egoitza izan ostean, ‘eremuak’ Donostiako Tabakalerara lekualdatu da datozen lau urteetarako «aberasteko eta hazteko bide berriak aztertzeko helburuarekin». Goiz honetan bertan eman dituzte xehetasunak.

Hedabideen aurrean gogorarazi dutenez, ‘eremuak’ kontzeptu ireki baten arabera diseinatuta dago, eta kontzeptu horrek praktika garaikideak eboluzioan dauden lan-prozesutzat hartzen ditu, eta praktika horietan dauden beharrak eta diskurtsoak identifikatzen saiatzen da. Honako jarduera-ildo hauek ditu: deialdi jarraitua, jardunaldi publikoak, argitalpen-ildoa, egoitzak, HARRIAK programa (EAEko kultur etxeetako erakusketen programa) eta praktika artistikorako laguntza berriak (sare artistikoa indartzea helburu dutenak).

Praktika artistikorako laguntzak indartu egin dira eta 2020 honetan ‘eremuak’-ek deialdi berri bat abiarazi du jarduera artistikoari zuzendutako bi laguntza esleitzeko. «Euskal testuinguru artistikoaren behatokia den aldetik», arte-lanaren prozesualitatea bultzatu eta babestea da helburua.

Jardunaldi publikoak

‘eremuak’ programaren ekintza-ildoak ikusarazteko eta gizarteratzeko bide nagusietako bat dira antolatu ohi diren jardunaldi publikoak. Aurtengo edizioan, aurreratu dutenez, azken bi urteotan programaren bidez babestutako zenbait proiektu aurkeztuko dira. Hitzordua bikoitza da: urriaren 16an eta 17an Tabakalerako Z aretoan.

Hamar urtean izan duen ibilbidean, ‘eremuak’ programak 100 proiektu baino gehiago babestu ditu deialdi jarraituaren bidez; 90 artista baino gehiagoren 30 erakusketa inguru antolatu ditu EAEko hainbat udalerritan, HARRIAK programaren bidez; dozena bat argitalpen propio kaleratu ditu; eta 8 jardunaldi publiko antolatu ditu, hainbat eguneko iraupenekoak, bere jardueraren berri emateko, besteak beste.