NAIZ
BILBO

Gatibuk bigarren kontzertu bat iragarri du Euskaldunan, azaroaren 7an; sarrerak salgai daude

Hogei urteko ibilbidea omentzeko Gatibuk ‘20 urte bixotzetik’ izeneko kontzertua zuen iragarrita Euskalduna Jauregian, azaroaren 7an, baina sarrerak berehala agortu ostean, egun berean bigarren emanaldi bat eskainiko du talde gernikarrak. Sarrerak salgai dira dagoeneko ohiko moldeetan.

Gatibuk NAIZ Kontzertuak ekimenean parte hartu zuen, iragan ekainean. (Aritz LOIOLA I FOKU)
Gatibuk NAIZ Kontzertuak ekimenean parte hartu zuen, iragan ekainean. (Aritz LOIOLA I FOKU)

Hogei urteko ibilbide oparoa omentzeko Gatibuk iragarria zuen ‘20 urte bixotzetik’ kontzertuak sekulako arrakasta izan du aldez aurretik, izan ere, datorren azaroaren 7rako antolatua zen emanaldira sarrerak 24 orduren buruan agortu egin dira. Publikoaren aldetik egon den erantzuna ikusita, eta ahalik eta jende kopuru handienari iristeko asmotan, egun berean bigarren saio bat iragarri dute gernikarrek.

22.30etako kontzerturako sarrerarik dagoeneko ez da gelditzen eta kontzertu berria 19.00etan izango da. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.euskalduna.eus atarian eta ohiko beste kanal batzuetan 23 euroan.

‘20 urte bixotzetik’ «aukera paregabea izango da, banda mitikoaren eta bere ikus-entzule leialenen arteko musika topaketa baita, elkarrekin egindako bidea eskertzeko, zalantza barik taldearen historian mugarria markatuko duen eta bihotzetik eginda dagoen kontzertuan», iragarri dute Euskalduna Jauregiko iturriek ohar bidez.

2000. urtean, Alex Sardui buru duen eta Haimar Arejitak, Gaizka Salazarrek eta Mikel Caballerok osatzen duten taldeak rock-a euskaraz konposatzeari eta interpretatzeari ekin zioten. Urtebetera lehenengo diskoa, ‘Zoramena’, grabatuta zuten dagoeneko, eta horren ondoren beste zazpi disko eta ehunka kontzertu etorri dira. Euskaraz egindako rock and roll-az betetako hogei urte horiek elkarrekin ospatuko dituzte taldeak eta ikus-entzuleek, Gatibuk atzera begiratu, bere ibilbideari buruz gogoeta egin eta etorkizunerantz aurrera egiteko bultzada hartu gura duen kontzertuan.

Konfinamenduaren ostean NAIZ Konzertuak dinamikan lehena izan zen Gatiburena. Ekainean gertatu zen hura. Hemen dira une gogoangarrienetako batzuk.