NAIZ

Europako funtsetarako mahai bat sortzeko eskatu dio EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiari

Europako funtsetatik finantziazioa lortuko dezaketen Gipuzkoako proiektuak erabakitzeko mahai bat sortzea eskatu diote Markel Olano ahaldun nagusiari EH Bilduko batzarkide Juan Karlos Izagirre eta Estitxu Elduaienek.

Juan Karlos Izagirre eta Estitxu Elduaien Gipuzkoako EH Bilduko batzarkideak gaur Donostian. (EH BILDU)
Juan Karlos Izagirre eta Estitxu Elduaien Gipuzkoako EH Bilduko batzarkideak gaur Donostian. (EH BILDU)

Juan Karlos Izagirre eta Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkideek Gipuzkoako Aldundiaren gidaritza duen EAJri eskatu diote «hemen eta denon artean adosteko gure etorkizuna baldintzatuko duten proiektuak».

«Covid-19ak sortutako kalteei aurre egiteko, modu adostuan eta denok batera egin behar dugula aipatzen da behin eta berriz. EH Bilduk martxoaren hasieran diputatu nagusiari eskatu zion mahai politiko bat osatzea. Ez zen horrela egin eta hartu diren erabaki guztiak, hau bezala, aldebakartasunetik hartu dira», adierazi du Izagirrek.

Hori dela-eta, Izagirrek eskatu die bertan behera uzteko pasa den astean egindako 31 proiektuen proposamena eta adostasunerako gune bat sortzea, «adosteko funts horiek nola eta zertara bideratu Gipuzkoan. Sindikatuekin, enpresekin, alderdi politikoekin, unibertsitateekin eta beste eragileekin elkarlanean, proiektuen inguruko hausnarketa estrategikoa eta prozesu gardena guztiz beharrezkoak dira, ahalik eta kontsentsu maila handiena lortzeko».

Izagirrek gaineratu du Europako funtsen zati bat udaletara bideratzea beharrezko jotzen duela EH Bilduk. «Batetik, trantsizio ekologikoan berebiziko garrantzia dutelako udalek, eta bestetik, esfortzu izugarria egin dutelako herritarren beharrei erantzuteko. Askotan beren eskumenekoak ez ziren lanak beren gain hartu dituzte, premiak eta beharrak aginduta. Horregatik, Europako funtsetatik jasotako %30 udalerrietara bideratzea proposatzen dugu».

Izan ere, Elduaienek azaldu du Aldundiaren asmoek ez dituztela betetzen Europak ezarritako irizpideak, lehenengotik hasita: proposamena adostua izatea. «Beharrezkoa da erakundeen arteko elkarlana, eta ezinbestekoa udalen zeresana eta eskuhartzea. Gainera, aipatutako 31 proiektuetan ez dago proiektu berririk, denak dira lehendik zeudenak. Aldundiak ez du ulertu Europak eta jendarteak gauzak beste modu batera egin nahi dituela, beste norabide batean. Funts horien bidez, inbertsio publiko zuzena, kalitatezko enpleguaren sorrera eta eragin sozial positiboa gailendu behar dira. Lehentasuna izan behar du ekonomia aurrean ditugun erronka handietara egokitzeak, eta gure administrazioak eta enpresak XXI. mendeko erronka teknologikoetara egokitzeak».

Gaineratu du bestalde, Gobernu espainolak funtsak berak kudeatzeko azaldu duen asmoak kezkatzen dituela, «ez dakigu erkidegoek eta udalek Europako funtsen zein portzentaje kudeatu ahal izango duten zuzenean eta horrek kezkatzen gaitu».