NAIZ

Konponbidean aurrera egiteko ekimen berria aurkeztuko du Foro Sozialak larunbatean

Nazioarteko Bake Konferentziaren bederatzigarren urteurrenean konponbidearen bidean aurrera egiteko ekimen berria aurkeztuko du larunbatean Foro Sozialak Donostiako Aiete jauregian.

Aieteko adierazpenaren bederatzigarren urteurrenean aurkeztuko du Foro Sozialak ekimen berria. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Aieteko adierazpenaren bederatzigarren urteurrenean aurkeztuko du Foro Sozialak ekimen berria. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Larunbat honetan, urriaren 17an, Foro Sozialak Donostiako Aiete jauregian aurkeztuko du, Nazioarteko Bake Konferentziaren bederatzigarren urteurrenean, ‘Bizikidetza Demokratikoarekiko Konpromiso Soziala’ ekimena. Prozesuaren «xedea gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak ezartzea da».

«Ez errepikatzeko bermeak giza eskubideen eta bakearen kultura eraikitzeko baldintzetako bat dira, biktimentzat egia, justizia eta erreparazioarekin batera. NBEk definitutako nazioarteko estandar bat da. Paradoxikoki, nahiz eta duela urte gutxi baino askoz hobeto gauden, azkenaldian pairatzen ari garen eztabaida politikoaren tentsionamenduak berriz ere mahai gainean jarri du bizikidetza demokratikoaren eraikuntzaren beharra. Askatzeko dauden korapiloak askatu arte eta bizikidetzarekin konpromiso sendoa hartu arte, gizarte zibil gisa, ezingo da ziurtatu berriro ez gertatzeko bermeak ezarri ditugunik», azaldu du Foroalk.

«Aietetik gaurdaino, Kanbotik pasatuz, ezohiko bake prozesu bat eraiki dugu. Hasiera batean logika aldebakarrekoa izan bazen ere, gaur egun prozesu aldeanitza da, eta eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozial asko ari dira prozesu horretara beren ekarpena egiten», gaineratu du.

Bide honetan gizarte zibila erabakigarria izan dela azpimarratu du Foroak. «Motorra gehiegi gripatzen zenean olioztatzaile lanak egiten. Eta bake prozesu honek bere isla du datu zehatzetan: Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen azterlanetan, adibidez, eboluzioa nabarmena izan da. ‘Zure ustez, zein egoeratan dago Euskadiko bake prozesua?’ galderari, orain, %55ek uste dute aurrera egiten ari dela; 2014an, berriz, ehuneko hori %28koa baino ez zen. Era berean, orain prozesua blokeoan dagoela soilik %38ak uste du, duela sei urte gehiengo zabal batek (%58k) hala baloratzen zuen bitartean. Azken batean, gizarteak uste du bake prozesu bat abian dagoela eta aurrera doala», azaldu du Foroak.

«Egia esan, gizartea alderdi politikoen aurretik doa bizikidetza demokratikoa eraikitzeko orduan, eta, beraz, gizarte zibilari dagokio (dagokigu) iniziatiba hartzen jarraitzea. Prozesu berri honen bidez, gizarte zibileko eragileei aukerak eskainiko dizkiegu, banaka, sektoreka edo kolektiboki, modu publikoan edo pribatuan, bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrerapauso bat (bat gehiago) eman ahal izateko», nabarmendu du Foro Sozialak.

«Izan ere, urte hauetan aurrerapen handiak egin diren arren, bake prozesuak hiru korapilo ditu oraindik askatzeke: biktima guztien eskubideen errespetua eta haien arteko diskriminazioaren amaiera, presoak, iheslariak eta deportatuak eta memoria kritiko inklusiboa», gogoratu du.

«Larunbat honetan aurkeztuko dugun prozesuak urtebete baino gehiagoko lan diskretua du atzean Foro Sozial Iraunkorrean. Hasieran, bilera eta batzar presentzialen bidez, gero bide telematikoz, pandemiaren ondorioz. Orain, datozen aste eta hilabeteetan, kanpora atera eta pertsona desberdinen artean elkarrizketa sustatuko dugu, elkarren arteko errespetuan oinarrituta hitz egiteko gai izango direnak, nahiz eta kasu batzuetan, garai batean aurrez aurre zeuden pertsonak izan», gaineratu du.