NAIZ

Aurten «kapitalismoak 52 langile erail» dituela salatu du Ernaik Hego Euskal Herriko hiriburuetan

2020. urtean gutxienez 52 langile hil direla salatzeko ekimen ikusgarriak antolatu ditu ostegun honetan Ernaik Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Dagoeneko iazko langile «erailen» kopurua gainditu dela gogoratu du antolakundeak eta egoera hau «desnormalizatzeko» deia egin du: «Arduradunak seinalatu eta neurriak har daitezen exijitzen dugu».

Donostiako Miramar jauregiaren aurrean egindako ekimena. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Donostiako Miramar jauregiaren aurrean egindako ekimena. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Ernai gazte antolakundeak ekimenak burutu ditu ostegun eguerdi honetan Donostiako Miramar jauregian, Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan, Iruñeko Gaztelu Plazan eta Bilboko Arriaga Plazan, «etenik ez duen lan heriotzen odolustea» salatzeko. Donostian Miramar jauregia hautatu dute Osalanek bertan lan istripuen prebentziorako jardunaldia egiten ari zelako.

52 lagunek lanean aurten hildako langileak irudikatu dituzte eta euren buruak aluminiozko manta termikoekin estali dituzte.

Gainera, Zaldibarreko zabortegian Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen duela gogoratu du antolakundeak eta, orotara, iazko langile «erailen» kopurua gainditu dela, urtea amaitzeko hiruhileko oso bat geratzen den arren eta azken hilabeteetan enplegu askotan egondako geldialdia kontuan izanda.

Ernairen arabera, ekoizpen eredu kapitalistak «langileok gure lan indarra saltzera behartzen gaitu eta menpekotasun hau larrutik ordaintzen dugu». Izan ere, gazte antolakundeak salatu du klase kapitalistaren eta merkatuen etengabeko irabazi nahiak langileen lan eta bizi baldintzak zeharo kaskartu dituela: «Esplotazioa zorroztu dute eta prekarizazio modu berriek langileria osoa mehatxatzen dute».

Gazteria, besteak beste, neurri hauek inposatzeko «lehen katebegi» bezala erabili eta biktima zuzena dela nabarmendu dute; soldata «miserableak», kontraturik ez izatea, praktikaldiak eta praktika kontratuak, beharturiko aldi baterakotasuna eta lanaldi partzialak, azpikontratazioa eta autonomo faltsuak horren erakusle direla adieraziz.

Patronala eta erakunde publikoak jo dituzte lan heriotzen erantzule eta laneko heriotzak kasualitate izatetik urrun lan baldintzen kaskartzearen ondorio zuzena direla azaldu dute.

Hortaz, egoera «desnormalizatzeko» ordua dela azpimarratu du Ernaik: «Arduradunak seinalatu eta neurriak har daitezen exijitzen dugu. Kapitalismo patriarkalak ebazten duen lanaren antolaketa soziala eta honen parte-hartze eredu sozial eta politikoa iraultzea ezinbestekotzat jotzen dugu».

«Guk bizitzaren sostengua erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoa defendatu eta bultzatzenbultzatzen dugu», gaineratu dute Ernaiko kideek.