Asier ROBLES

Zahar egoitzetako egoera salatzeko manifestazioak deitu dituzte urriaren 31n hiriburuetan

Zahar egoitzetako erabiltzaileen familien hainbat elkartek eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioak deitu dituzte Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean, egoiliarrek bizi duten egoera salatzeko. Protestetan parte hartzera deitu dituzte erakunde sozial eta sindikalak.

 Pentsiodunen eta zahar etxeetako egoiliarren senideen agerraldia. (Andoni CANELLADA/FOKU).
Pentsiodunen eta zahar etxeetako egoiliarren senideen agerraldia. (Andoni CANELLADA/FOKU).

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, Babestu, Irauli Zaintzak eta Arabako Egoitza eta Eguneko Zentroetako Erabiltzaileen Senideak elkarteek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egoitzetako, eguneko zentroetako eta etxez etxeko laguntza zerbitzuetako erabiltzaileek bizi duten egoera salatzeko.

Zerbitzu horien kalitatea gero eta «eskasagoa» dela salatu dute: «Aurrekontuen murrizketek, zerbitzuen pribatizazioak, langile faltak, lan baldintzen prekarietateak eta administrazio eskudunek ikustaritza lanei muzin egiteak hondatu egin dute».

Horren guztiaren eta egoitzak ixtearen ondorioz, egoitzak «isolamendu zentroak» bihurtu direla salatu dute, «non erabiltzaileen eta langileen eskubideak urratu egiten diten».

Onartezinatzat jo dute pandemiaren bigarren fasean hainbeste kutsatze eta heriotza gertatzea, eta ildo horretan, protokoloak «ez direla betetzen edo ez direla nahikoak» salatu dute. Gainera, azaldu dutenez, langileek eta egoiliarrek ez dute, askotan, beharrezko prebentzio neurririk. «Ez dago espazioen kudeaketa egokirik, pertsonen osasuna babesten duenik, eta ez da kalitatezko arreta pertsonal eta kolektiboa bermatzen», Laburbildu du Iraide Urriz Babestu Bizkaiko bozeramaileak.

Erantzukizunak

«Administrazioen pribatizazio eta ekonomia asmoek irabazi eredu bat ekarri dute, merkatu irizpideetan oinarritua eta errentagarritasun ekonomikoa bilatzen duena», nabarmendu dute, eta Aldundien eta Lakuako Gobernuaren «aurreikuspen falta eta kudeaketa txarra» salatzen zuten bitartean.

«Ez dugu ulertzen, 700 heriotza izan ondoren, erakunde horietako bakar batek ere bere jardunaren hausnarketa autokritikorik egin ez izana; alderantziz, pozik daude gauzak ondo egin dituztelako», azpimarratu du Urrizek.

Era berean, Osakidetzak «bere betebeharrak alde batera utzita», egoitza pribatu eta itunduetan ez duela osasun kontrolik egiten baieztatu dute, eta horrek «egoiliarren osasuna larriki kaltetzen» duela.

Horregatik, manifestazioak deitu dituzte Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean urriaren 31rako, eta mobilizazioetara joateko «premiazko» deia egin diete erakunde sozial eta sindikalei.

«Egoitza-zentroetan unitate sozio-geriatrikoak eta sozio-sanitarioak izatea eskatzen dugu. Prozesu eta emaitza irizpide argiak dituen kalitatezko eredua nahi dugu, baita banakako arreta planak ere, nahitaez bete beharrekoak, ez gomendioak. Etxeko zaintza lanen aitortza ere aldarrikatzen dugu, emakumeek (gehienetan emakume etorkinek) egiten duten lan hori onartu ezinezko baldintzetan egiten delako», adierazi dute pentsiodunen eta zahar egoitzetako egoiliarrien familien elkarteen kideek.

Pandemiari aurre egiteko hartzen diren neurri eta protokoloen ebaluazioan parte hartu nahi dutela adierazi dute, baita bisiten eta irteeren kudeaketan ere.