Jon Ormazabal

Euren aldarrikapen gehienak lortuta, greba bertan behera utzi dute Baikoko pilotariek

Akordioa EPELekin lortu du, sektoriala izango da, hau da, Baiko eta Aspeko pilotariei eragingo die eta beste puntuen artean, Eskiroz, Mariezkurrena, Laso eta Victor berriz ere kontratatzeko akordioa dago, data desberdinetan.

Baikoko pilotari taldea greba iragaratzeko emandako prentsaurerkoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Baikoko pilotari taldea greba iragaratzeko emandako prentsaurerkoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hilabeteko grebaren ostean, grebara jo zuten Baikoko pilotariak eta enpresa akordio batera heldu dira eta plantoa bertan behera uzteko akordioa lortu dute. Pilotari hauen auzian lagun izan duten ELA sindikatuak jakitera eman duenez, akordioak «aldarrikapen gehienak jasotzen dituenez» urriaren 9an hasitako plantoa bertan behera utziko dute. Gainera, «sektoreko akordioa da, eta Aspe eta Baiko Eskupilota Enpresen Liga osatzen duten bi enpresei eragingo die».

Akordioak zortzi puntu nagusi ditu:

1- Josu Eskiroz, Jon Mariezkurrena, Unai Laso eta Victor Esteban-en kontratuak berriztatzeko proposamena, bakoitza epe ezberdin batean.

2- Urteroko gutxieneko soldata 25.000 eurotan finkatzea, betiere jaialdiak antolatzen diren hiru autonomia erkidegoetan aforoak gutxienez %80ra igotzen direnean berriz ere.

3- Plus Estelarra, halako partidetan parte hartzen duten pilotarientzat.

4- EAEtik eta Nafarroatik kanpora egindako joan-etorriengatiko dietak ordaintzea.

5- Adostutako barne araubidea ezartzea.

6- Entrenamenduei buruzko arauak aldatzea. Pilotariek aukeratu ahal izango dute enpresak zuzendutako entrenamenduetara joan edo euren kontura entrenatu.

7- Soldata baxuenak dituzten pilotariei esklusibitate klausulak malgutzea.

8- Beste hainbat konpromiso ere hartzen ditu EPEL-ek bere gain, botilleroei, informazio eskubideari, lan egutegiari, leihaketa egutegiari, etab. dagokienez.

Akordioa bi enpresetako pilotarien %90ak sinatu behar du gutxienez indarrean jartzeko eta akordio honekin Buruz Burukoari asteburu honetan hasiera emateko moduan izango dira bi enpresak.

Akordioa ezagutarazteko argitaratutako agirian, ELAk «pilotariak zoriondu nahi ditu egin duten borrokagatik. Borroka horren helburua, besteak beste, kolektiboaren prekarietate arazoei aurre egitea eta inposaketan eta aldebakarrekotasunean oinarritutako lan harremanekin amaitzea zen. Prozesu horren emaitzak erakusten du oso garrantzitsua dela sindikatu batean antolatzea, baita kirol profesionalean ere, lan baldintzak hobetzeko berme bakarra baita. Agerian geratu da, haien borrokarik gabe, akordio hori ez zela existituko».

Gainera, euren ustez, «Justizia Auzitegi Nagusiaren autoa inflexio puntua izan zen borroka horretan, zalantzarik gabe, eta aurrekari oso garrantzitsu bat sortu zuen kolektibo horrentzat, ezinbesteko tresna izan baita greba eskubidea defendatu ahal izateko eta mobilizazioen balioa berresteko. 15 pilotari hauek egindako borrokarik gabe, gaurko akordioa ez litzateke posible izango».