NAIZ

‘Alzira’ opera atzeratu beharrean da ABAO, eta denboraldi berriari urtarrilean ekitea espero du

ABAOk azaldu duenez, mugikortasun murrizketek bere bazkideen eta musika liriko zaleen erdiari eragiten diote. Horri Euskalduna Jauregiaren aforo limitazioa gehitzen zaio, eta ondorioz, azaroaren 21ean taularatzekoa zen ‘Alzira’ operaren estreinua atzeratzea erabaki du.

Rossiniren ‘Il turco in Italia’ operak ireki zuen ABAOren denboraldia. (NAIZ)
Rossiniren ‘Il turco in Italia’ operak ireki zuen ABAOren denboraldia. (NAIZ)

Tutto Verdi proiektu historikoa Verdiren ‘Alzira’ operarekin ixtekoa zuen ABAOk. Munduan ez da gisa honetako beste ekimenik, azken 15 urteotan Bilbon Verdiren 30 izenburu taularatu baitira. Horrez gain hitzaldiak, grabaketak eta hainbat publikazio egin dira.

Gaur egungo mugikortasun neurriek ABAOren publikoari eragiten diote. «Baita ekoizpen lanei ere, behar bezalako arrakasta bermearekin burutzea ezinezkoa eginez. Oso berezia da ‘Alzira’ opera eta urrezko amaiera emango lioke elkartearen proiektu ikurrari, mundu mailan erreferente lirikoa dena», adierazi dute.

Gauzak nola dauden ikusita, eta Tutto Verdi proiektuari merezitako bukaera eman asmoz, elkartea lanean ari da artista beraiekin beste data batean estreinatzeko. «Alzira datorren denboraldian taularatuko da, abonuzko seigarren izenburua izango da», iragarri dute.

«Kultur jarduera bizirik mantentzeko helburuarekin ari gara lanean pandemiaren hasieratik, programazioa unean uneko zirkunstantzietara egokituz. Gure esku dagoen guztia egin dugu, baina gero eta zailagoa da elkarteak bere duen kalitate maila betetzea eta galera ekonomikoa ahal den neurrian txikitzea».

Egoerak ahalbidetzen badu, datorren urtarrilean Camille Saint-Saëns-en ‘Samsom et Dalila’ taularatuko dute, azken antzezpenetik hogei urte beteko direnean.

«Kultura jendartearen ezinbesteko ondasuna da eta operak gure komunitatean present egoten jarrai dezan apustua egin dugu, bere jarduera mantenduz, beste diziplina ekonomiko eta sozialen modura», gaineratu du.