Amalur ARTOLA

‘Odolekoak’, ama-alaben matrioxka eraiki du Antxiñe Mendizabalek

Irudimenak bezainbesteko garrantzia du memoriak Antxiñe Mendizabalen ‘Odolekoak’ eleberrian. 1941etik hasita, 60 urteko historia bildu du familia bereko hiru emakumeren ahotsaren bidez, baina eleberria ama-alaben harremanei buruzko kontakizuna ere bada. Protagonistak, «nor bere ama bilatzen eta ukatzen duten hiru matrioxka» dira.

Antxine Mendizabalen lehen eleberria da ‘Odolekoak’. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Antxine Mendizabalen lehen eleberria da ‘Odolekoak’. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Urteak eman ditu Antxiñe Mendizabalek ‘Odolekoak’, helduei begira idatzi duen lehen eleberriko –orain artean ipuinak idatzi ditu, azkena ‘Emakume burugabea’, 2018an– puzzlea osatzen. Etxeko horma bat hartzen dion arbela, klariona eta post-it sorta bat lagun zituela, familia bereko hiru emakumeren harreman eta bizipenak josten joan da Mendizabal eta, haienarekin batera, 1941-2005 urteen arteko Iruñeko historia ere jaso du eleberrian.

«Anbizio handiko nobela eder bat da, 60 urteko historia kontatzen duelako, baina nagusitasuna ez du hartzen oihal horrek. Frankismo beteko gauzak agertzen dira, zentsura… egileari dokumentazio lan handia eskatu diotenak, baina ama-alaben gaineko istorio bat ere bada», laburbildu du nobelaren muina Xabier Mendiguren editoreak. Mendizabalena nobela «potentea, indartsua eta irakurleari gogoan geratzen zaiona» dela ere ziurtatu du.

Hitza hartuta, ‘Odolekoak’ ez dela nobela historiko bat argitu du Mendizabalek, eta berak ama-alaben harremanaren gaineko eleberria idatzi nahi izan duela nabarmendu du. «Nobela hau egitera bultza nauen obsesio bat bada. Txikitan, nire amari entzun nion esaten ‘zuk ez dakizu zer den ama inori deitzerik ez izatea’. Ama ezagutu ez eta alaba izateko aukera ez izateak zer izan behar zuen, oihartzuna egin zidan esaldi hark», kontatu du. Nerabezaroan ez zuela bere ama bezalakoa izan nahi sentitu zutenetakoa izan zela ere esan du, ama «aldi berean maitatu eta gorrotatu» egin zuela, eta ama bilakatu zenean ere izan zuela sentipen bikoitz hori: «Seme-alabak maitatu bai baina amatasunarekin ez nuen bake handirik izan; amatasuna bizitzeko modu asko badaude ere inguruak eta estereotipoek ez dute asko laguntzen, zenbat emakume gaixotu diren tranpa horretan erorita…», hausnartu du. Denborarekin, bere amaren antza zuela konturatu eta «eten ezin den hari bat» badagoela ohartu zen eta, azken urratsa, «alabak zurekiko sentimendu berak dituela, gorroto eta maite zaituela» ohartzea izan da. «Lotura horiek hor daudela onartu egin behar da, ama maitatu, onartu, eta zu hiltzera etorri den alaba ere onartu. Hori izan da nire esperientzia, eta baita nobela honen atzean dagoen obsesioa ere», azaldu du.

Matilde, Teresa eta Amaia dira elkar «maitatu eta gorrotatzen» dutela onartu beharko duten hiru emakumeak, belaunaldi ezberdinetako baina «izen oneko familia tradizionalista bateko alabak» hirurak. Iruñeko Dos Cafeteras gozoki-kaxa batean aurkitutako gutun-sorta batekin abiatuko da trama: Matilde gerrako amabitxi izan zen, hau da, soldaduen animoa mantentzeko horiei gutunak idazten zien emakume taldekoa. «Sistemak antolatzen zuen hura, iragarkiak zeuden, gutun azkarrak bidaltzeko aukera… trama honen misterioetako bat gutun horiek izango dira», aurreratu du idazleak.

Baina, batez ere, emakume hauek errealitatea nola jaso eta bizitzen duten ikusaraztea izan du helburu, «gizonezkoak jaun eta jabe ziren mundu batean» nola bizi ziren erakustea, eta hori eleberrian zehar agertuko diren emakume ezberdinen laguntzaz egin du, «errebeldeak batzuk, otzanak besteak, eta baita militanteak, menderatuak, biktimak eta borreroak ere».

Dokumentazioaren «obsesioa»

Zentzu horretan, eta historiari lotuta, eleberria garai eta leku zehatz batean kokatua dagoenez bigarren mailako hainbat pertsonaia ere badaudela gaineratu du, tartean neskameak, lagunak, bizilagunak, maitaleak eta ahaideak, baina baita errealitatean bizi izan zirenak ere, esaterako Dolores Baleztena erreportari karlista, Emiliana Zubeldia musikaria, Isabel Lopez de Bakedano gerrako haurra, Patxi Larrainzar euskaltzalea edota Sanferminetan eraildako German Rodriguez, horiek «eleberriari sinesgarritasuna» ematen diotelakoan.

Zati horrek dokumentazio lan handia eskatu diola onartu du Mendizabalek, «ia obsesioraino» eraman duena. Izan ere, Iruñean girotu du eleberria, bereziki ongi ezagutzen ez duen hirian, «jarrera ideologikoen aldetik kontraste handiko hiria» delako. Ezezagutza horrek, baina, buruhausteak ekarri dizkio: «Beldur handia izan dut, esaten nituen kontuek errealitateari erantzungo ote zioten, ze datuak kontrastatuta daude baina beste gauza bat da giro hori nola jasotzen duzun», azaldu du, eta zeregin horretarako Aingeru Epaltzaren laguntza izan duela esan du.