
Nafarroako eta Errioxako pilotariek euren herrialdeetatik irten ezinda zeudenez, eta beste zenbait euren etxeetan bakarturik, Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa bertan behera utzi behar izan zuen antolakuntzak.
Baina emakume pilotariei jokatzen jarraitzeko aukera emate aldera, binakako txapelketa malgu eta alternatibo batek beteko du datozen asteetan kaiolak utzitako hutsunea.
Txapelketa pilota mistoarekin jokatuko da, eta Lakuako Osasun sailaren oniritzia jasota, asteburu honetan ekingo zaio Guardian eta Legution abenduaren 20ra arte luzatuko den txapelketa honi.
Bidean sor daitezkeen oztopoei irtenbideak errazago eman ahal izateko, hasiera batean irekia zen txapelketa gonbidapen bidezko lehiaketa bihurtu da eta buruz buruko norgehiagoka binakakoa, edozein positibo edo bakartze neurriren aurrean ordezkapenak errazago moldatu ahal izateko.
Denera, bi multzotan banatutako zortzi bikotek, 16 pilotarik, hartuko dute parte. Andrea Aldaregia (Latasa)-Olatz Ruiz de Larramendi (Eulate), Patri Espinar (Usansolo)-Naroa Agirre (Arroa), Olatz Arriabalaga (Gernika)-Ane Urkizu (Berastegi) eta Iera Agirre (Leitza)-Arrate Bergara (Bergara) arituko dira A multzoan.
Leire Garai (Gasteiz)-Gentzane Aldai (Orozko), Miren Larrarte (Bidania)-Nora Mendizabal (Andoain), Ainhoa Ruiz de Infante (Otxandio)-Miriam Arrillaga (Aginaga) eta Amaia Aldai (Dima)-Oihana Orbegozo (Azpeitia) izango dira B taldea osatuko duten bikoteak.
Multzo bakoitzeko lehen bi bikote sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte abenduaren 6an eta, ondo bidean, finala abenduaren 20rako iragarrita dago, Arrigorriagan.
Txapelketa asteuburu honetan hasiko da. Larunbatean Guardian, 18.00tan hasita, Aldaregia-Ruiz de Larramendi / Espinar-Agirre eta Iera Agirre-Bergara / Arrizabalaga-Urkizu partidak jokatuko dira. Igandeko jaialdia, aldiz, Legution izango da, ETB-1eko kamerak zuzenean direla, 12.00etatik aurrera. Garai-Aldai / Ruiz de Infante-Arrillaga eta Larrarte-Mendizabal / Amaia Aldai-Oihana Orbegozo izango dira jokatuko diren partidak.

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia
