GARA
WASHINGTON

AEBen «degradazioa» noraino heldu den ikusita, mundua adi eta ikaratuta

Zenbat buru, hainbat aburu. Munduak oso kezkaturik segitzen du AEBek ekarri duten «fartsa kaotikoagatik». Hauteskundeek askatu dituzten larriminen preso ikusten dute askok superpotentzia. Erortzear zen Erromako enperadore batekin alderatu dute Trump, AEBen irudi globala zeropean geratzen ari dela diote beste batzuek, baina, oro har, ezinegona nabarmentzen da, arriskuz beteriko etorkizun hurbila.

AEBetako hauteskundeek beti erakartzen dute interes global izugarria, garailea munduaren liderra izango dela pentsatzen delako, herrialdearen kanpo politika alda dezakeelako, eta aliatu edo etsaienganako hurbilketa edo kontrakoa eragin. Ez da harritzekoa, beraz, munduko herrialde guztiek Etxe Zuriko maizterra hautatzeko norgehiagokari oso gertutik begiratzea, beren kiniela eta apustuak egitea, betiere, gutxi edo gehiago, diplomaziaren formak gordez.

Txina da horren adibide garbi bat. Gobernuak dio ez daukala posiziorik eta ez dela barne arazoetan sartzen. Baina jakina da AEBen aurkari gogorrena dela, gerra ekonomiko betean daudela eta bi superpotentzien harremana ez dela sekula hain gatazkatsua izan. Gainera, Trumpek zein Bidenek iragarri dute Pekin estutzen jarraituko dutela, presidente ateratzen badira. Ez da harritzekoa, hortaz, Xinhua berri agentzia ofizialak, «hauteskunde kaotikoaz» hitz egitea, «liskarrak, nahaste-borrastea eta diruzalekeriaren politikak» markaturikoaz. Eta Trumpek iragarri duen gerra judizialak egoera gaiztotuko duela dio.

«Txantxa globala»

Errusian, aldiz, CIAren ustez 2016. urteko hauteskundeetan Trumpen alde eragin zuen herrialdean, Rossiya24 telebista kateak oso gertutik jarraitu die hauteskundeei. Aurkezle batzuek «erokeria honetaz informatzen jarraituko dugu» esanez bukatu izan dute albistegia.

Ofizialki ez dago Kremlinen adierazpenik, baina Putin sostengatzen duten politikari askok hitz egin dute telebistan, mezu bera errepikatuz: «Gerra judiziala irabazten duenak irabazita ere, estatubatuarren erdiek ez dute presidente legitimotzat onartuko». Eta «txantxa global» honen aurrean, adarra joz eta disimulu gabeko pozez hau luze joango dela eta gogorrena etortzeko dagoela iragarriz, gomendioa ere egiten dute: arto-krispeta zorro asko erostea.

Iran da AEBekin etsaitasun eta mehatxuzko harreman handiena duen herrialdea munduan; bereziki, Trumpek Soleimani komandantea hiltzea erabaki zuenetik. Bada, lider gorenak, Ali Khamenei-k, emaitza bata edo bestea izan, ez dela AEBekin harremana aldatuko esan du Twitterren, eta «egoerak AEBen gainbehera politiko eta moral batean fedea ematen duela».

AEBetako presidenteek giza eskubideez eta demokrazia globalaz maiz predikatu dute, baina zatiketak eta diruak beren sistema politikoa nola kolpatzen duen eta kanpo politikan duten historia ikusita –diktadoreak lagunduz eta bere interes ekonomikoak matoi baten pare defendatuz–, beti eraman dute hipokrisiaren zama beren karguan. Hala ere, «AEBetako demokraziak», inperfektua izanda ere, inspirazio izaten jarraitzen zuen. Japoniako prentsak nabarmentzen duenez, «AEBek baikortasuna, etorkizuneko begirada eta ideiak irudikatu dituzte». Azken lau urteetan, baina, bereziki orain, «munduak AEBen alde ilunena ikusi du».

Europa banaturik

Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak, AEBetako hauteskundeetarako misioaren arduradunaren hitzetan, «garaipenaren aldarrikapen prebentiboa aurrekaririk gabekoa» dela esan du. Michael George Link-ek kazetariei asaldatuta esan dienez, «Trump jendeak instituzio demokratikoetan zuen konfiantza hausten ausartu da».

Europako eskuin muturrak, bestalde, Trumpi babesa erakutsi, komunikabideekiko mespretxua adierazi eta iruzurra gertatu den susmoa zabaldu du. Matteo Salviniren esanetan, «egunkari guztiek Bidenen garaipen handi baten promesa egin zuten, eta beti bezala, gaizki egin dute, Trump bizirik eta aurretik dagoelako». Marine Le Pen-en hitzetan, «Frantziarentzat Trumpen garaipena da onena. Nazioaren etorrera irudikatzen du, mugak desagerrarazi dituen globalizazio basati honen amaiera».

Soka bereko Esloveniako lehen ministro Janez Janša urrunago joan da, Trumpen garaipena aldarrikatuz, eta horren aitorpena «atzeratzea eta ukatzea» kritikatu du. Trumpen emazte Melania esloveniarra da, baina forma diplomatiko eta neutraltasun guztien gainetik igaro da eta Europako erakundeek kargu hartu diote.