Jon Ormazabal

Darioren sake bortitzaren aurkako erantzunik ez du topatu Zubizarretak etxean (22-7)

Errioxarrak 12 tanto egin dizkio etxean aritu den ataundarrari lehen pilotakadarekin eta garaipen erosoa eskuratu du.

Dario, pilota astintzen (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Dario, pilota astintzen (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Partidak orekatuagoak egin asmotan, pasaren marra koadro erdi aurreratu dute aurtengo Buruz burukoan, baina neurri berri honek eragin gutxi izan du txapelketa honetako lehen partidan. Izan ere, lehen pilotakada gutxitan bezain erabakigarria suertatu da lehen mailako txapelketan lehen aldiz aritu diren bi pilotarien arteko lehian eta Dario errioxarrak 12 tanto, partida erdia baino gehiago, lortu ditu sakez.

Arau berriak ez dio gehiegi eragin Ezcarayeko aurrelariari, berak azpitik astintzen baitu pilota, abiadura bizian irten dio pilotak eta Zubizarretak ez du erantzunik aurkitu. Gainera, 17-7koan mina hartu du ezker eskumuturrean errestoan eta hortxe amaitu dira goierritarraren aukerak. 14-7kotik 22-7ra, zazpi tanto sartu dizkio sakez Dariok eta amaiera tristea izan du partidak.

Ordura arte ere, Dario nagusi izan da piloteoan eta markagailuan, baina Zubizarretak nolabait eutsi ahal izan dio oinak lurrean tenkatzeko arazoak izan dituen arerioari. Lurra nahikoa labainkor egon da Auzoeta pilotalekuan eta kosta egin zaio Aspeko aurrelariari kantxan eroso egotea. 10-3koan zapatilak aldatu dituen arren, kosta egin zaio hankak behar bezala jartzea eta hor etorri da Zubizarretaren susperralditxoa (11-7).

Hala ere, lehen atsedenaldi luzearen ostean arazo horiek konpondu ditu Dariok, pilotari abiadura ematen asmatu du eta arerioa harrapatu egin du, Ataunen bildu den jendearen zoritxarrreko.

Erasunek, sufrituta

Promozio mailako Baikoren atarikoan Erasunek lortu du txapelketan egoteko txartela, partida borrokatu eta lehiatu batean, Iker Larrazabali 22-10 irabazita. Amurrioko gazteak buruz burukorako dohain handiak erakutsi ditu, kolpe bizia du eskuin horretan, baina partida aurrera ateratzeko huts gehitxo pilatu ditu eta gipuzkoarraren ofizioa nagusitu da azkenerako.

Fitxa Teknikoa:

Dario: 22

Zubizarreta: 7

Pilotakadak: 169 Iraupena: 38,18 minutu. Markagailua: 4-0, 4-1, 6-1, 6-3, 10-3, 10-5, 11-5, 11-7, 22-7. Sakeak: 12 Dariok eta 2 Zubizarretak. Tantoak: 4 Dariok eta 3 Zubizarretak. Hutsak: 2 Dariok eta 6 Zubizarretak. Gorabeherak: Ia 200 ikusle Ataungo Auzoeta pilotalekuan, Buruz Buruko txapelketari hasiera eman dion partidan, momentuz, ikusleekin jokatu den azkenekoan. Jokin Etxaniz eta Gorostiza aritu dira botilero lanetan.