NAIZ

Kulunka antzerki taldeak Montrealgo Cinars Web sareko jardunaldian parte hartuko du

Kulunka antzerki konpainia aukeratu dute, beste 23 talderekin batera, aste honetan aditu batzuren aurrean bere proiektua aurkezteko Montrealgo Cinars Web sareko jardunaldian. Taldearentzat aukera bere lana atzerrian banatzen jarraitzeko eta lankidetza berriak sortzeko. Halaxe nabarmendu du Etxepare Euskal Institutuak.

‘Andre eta Dorín’ 30 herrialde baino gehiagotan antzeztu dute Kulunkak. (NAIZ)
‘Andre eta Dorín’ 30 herrialde baino gehiagotan antzeztu dute Kulunkak. (NAIZ)

Aurkezpen saioen artean, azaroaren 13an Kulunkak ‘Andrea eta Dorín’ proiektua aurkeztuko du. Maskara antzezlan honek curriculum paregabea du. Mutua izan arren, oso hunkigarria den obra da, hamar urteko ibilbidea du eta 30 herrialde baino gehiagotan antzeztua izan da.

Etxepare Euskal Institutuak, atzerrian euskal kultura sustatzeko helburuarekin, Kulunka konpainia laguntzeko aukera izan du atzerrian egindako hainbat lanekin; besteak beste, ‘Andrea eta Dorín’ antzezlanaren antzezpena Cinars 2021eko Bienalean. Bienaleko saioak, Quebecen egingo dituzten beste emanaldiekin batera, ‘Saison Québec-Pays Basque’ ekimenaren inguruan sustatuko ditu Etxepare Euskal Institutuak.

‘Saison Québec-Pays Basque’ egitasmoaren helburua da bi lurraldeen arteko harremanak kultur arloan ere sustatzea, zubiak eraikitzea eta sortzaile eta eragile kulturalen arteko lankidetza indartzea, bai eta truke kulturala eta akademikoa sustatzea ere. Horretarako, 2021erako 20 jarduera kultural eta akademiko baino gehiago aurreikusi dituzte Atlantikoaren bi aldeetan: Euskal Herrian eta Quebecen.

Cinars Montrealen kokatutako irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta quebectarren eta kanadarren arte eszenikoak sustatzea eta babestea da bere helburua. Erakundearen jarduera nagusia Cinars Bienala izan arren (2021eko maiatzean egingo da 19. edizioa), jarduerak urtean zehar ere antolatzen ditu, eta horien artean dago aurten sarean egingo diren Cinars Web hitzaldiak.