NAIZ
IRUÑEA

Ikuslegoak proposatuko du Nafarroako Filmategiaren programazioa bere urteurrenean

Nafarroako Filmategiaren hamargarren urteurrena ospatzeko, erakundeak ‘Cine imprescindible’ zikloaren edizio bat eskainiko du; edizio berezia izango da ordea, ikuslegoak proposatutako pelikulek osatuko baitute programazioa.

Viscontiren ‘Senso’ filmaren fotograma; zuzendariari zikloa eskaintzen ari zaio Filmategia. (NAIZ)
Viscontiren ‘Senso’ filmaren fotograma; zuzendariari zikloa eskaintzen ari zaio Filmategia. (NAIZ)

Hamar urte beteko ditu laster Nafarroako Filomategiak. 2011en inauguratua, urteurren borobila nola ospatu pentsatzen ari da erakundea eta, iragarri duenez, ikuslegoak paper garrantzitsu bat izango da. ‘Cine imprescindible’ zikloa ospatuko da, baina edizio berezia izango da, izan ere, ohar bidez azaldu duenez, zaleei emango die hitz, haiek aukeratutako pelikulekin osatuko baitu programazioa.

Asteazken honetatik abiatuta, eta datorren azaroaren 30a bitartean, Filmategiak proposamenak jasotzeko epea ireki du. Deialdia egin die zinema zaleei, bereziki Filmategiaren saioetara joan ohi diren pertsonei, hiru izenburuz osatutako zerrenda iradokitzera.

Filmategiak azaldu duenez, jasotako proposamen guztiak bildu eta aukeraketa bat egingo da boto gehien jaso dituzten hamar filmeekin. «Ahal den neurrian ‘Cine imprescindible’ zikloaren programazio sistema mantentzen ahaleginduko gara, hau da, hamarkada bakoitzeko izenburu bat, eta saiatuko gara, era berean, dagoeneko progratuak izan diren filmak ez eskaintzen, ez behintzat berriki eskaini direnak», zehaztu du Filmategiak ohar berean.

Pelikulak aukeratu ez ezik, ikuslegoak, hala nahi duenak, aukera izango du emanaldiaren aurretik pelikularen aurkezpena egiteko, horretarako prestutasuna baino ez dio adierazi behar Nafarroako Filmategiari.

Proposamenak egiteko posta bidez egin daiteke filmoteca@navarra.es helbidera mezua igorriz.