NAIZ

Musika eta ekologia batzen dituen kontzertua, Euskadiko Orkestra eta Kursaal Eszenaren eskutik

Musika Familian kontzertu eskaintzaren barneko proposamena da ‘Ekomusik’, musika klasikoaren eta ekologiaren arteko harreman zuzena irudikatzen ahaleginduko den kontzertua. Larunbat honetan izango da, 18.00etan Donostiako Kursaalen.

Donostiako Kursaalean izango da kontzertua, larunbat honetan. (NAIZ)
Donostiako Kursaalean izango da kontzertua, larunbat honetan. (NAIZ)

Sei eta hamar urte bitarteko haurrei eta horien senideei zuzendutako Musika Kontzertuan ekimenaren baitan antolatu dute Euskadiko Orkestrak eta Kursaal Eszenak ‘Ekomusik’, musika klasikoaren eta ekologiaren arteko harreman zuzena irudikatu nahi duen kontzertua. Kontzertua larunbat honetan, azaroak 14, izango da, 18.00etan Donostiako Kursaalen.

Kursaal Eszenatik azaldu dutenez, kontzertuan zehar harizko eta perkusiozko bederatzi instrumentuz eta klabezinaz osatutako talde bat, gehien bat Euskadiko Orkestrako musikariek osatua eta antzinako musikan aditu Enrike Solinisek zuzendua, errepertorio barrokoan barneratuko da, instrumentuen eta naturaren arteko harreman estua erakusteko. Pandemiaren aurretik ehunka haurrei orkestraren Eskola kontzertuen baitan aurkeztu zitzaien ekoizpena da, eta orain Musika Familian kontzertu gisa berreskuratu da, musikaren bidez gure planeta zaintzeko beharraz jabetzeko.

Kontzertuak iraungo duen berrogeita hamar minutuetan jasota geratuko dira bi ideia nagusi: batetik, Barrokoaren garaian konpositoreek naturako elementuak irudikatzeko joera zutela eta, bestetik, hari-instrumentuak artisau moduan eraikitzen jarraitzen direla, ingurumena errespetatuz.

Proiektu berri honen ideia Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako Musika Gelako koordinatzaileari dagokio, eta gidoia Pasadas las 4 antzerki-taldearekin batera egin du. Kontzertu honen aurkezle Patrizia Eneritzek natura zaintzearen eta gure planeta zaintzearen garrantzia modu harrigarri eta oso didaktikoan transmititzeko lana izango du.

Sarrerak Kursaaleko leihatilan eta internet bidez Kursaal edo Euskadiko Orkestraren webguneetan eskuratu daitezke, 3 (12 urtetik beherakoak) eta 7 euroren truke.