NAIZ

Koronabirusak kutsatutako hamar gaixo hil dira Errumanian, ZIU batek su hartu ostean

Gertaera larria Errumanian. Suak zainketa intentsiboetako unitate bat kaltetu du eta hamar lagun hil ditu. Beste zazpik zauri larriak dituzte.

Suhiltzaileak sua gertatu den ospitalean. (AFP)
Suhiltzaileak sua gertatu den ospitalean. (AFP)

Hamar pertsona hil dira larunbat honetan Errumanian, Neamt probintziako ospitale publiko batean, herrialdearen ipar-ekialdean, zainketa intentsiboetako unitate batek su hartuta. Lehen informazioen arabera, hildakoak «kobidia duten pertsonak» izan dira, Irina Popa Larrialdi egoeretarako Ikuskaritzako bozeramaileak adierazi duenez.

Beste zazpi lagun zauritu izan dira. Guardiako mediku bat heriotzaren eta bizitzaren artean ari da borrokan, gorputzaren %80an erredura larriak izan ostean.

Horrenbestez, koronabiruseko hamar gaixo hil eta beste zazpi zauritu dira Piatra Neamt konderriko zainketa intentsiboetako unitatean piztutako sutean, Errumaniako ipar-ekialdean.

Nelu Tataru Errumaniako Osasun ministroa bertara joan da egoera aztertzeko, eta, antza denez, zirkuitulabur bat da ezbeharra eragin duena, Universul.net Errumaniako albiste atariak jakitera eman duenez.

Irina Popa tokiko agintarien bozeramaile batek Mediafax albiste agentziari azaldu dionez, biktimak covid-19ko gaixoak ziren. «Hamar pertsona hil dira eta beste zazpi egoera kritikoan daude, guardiako medikua barne», azaldu du Popak.

«Sutea itzali dute eta ez dago beste sekziorik kaltetuta. Badirudi (biktimak) COVID pazienteak zirela», gaineratu du Popak. Zortzi gaixo Iasi ospitalera eraman dituzte dagoeneko.