NAIZ

Kurkudi mendiaren aldeko elkarretaratzea egin dute Leioako Udaletxearen aurrean

Leioako SOS Kurkudi auzo-plataformak deituta, Kurkudi mendiaren defentsaren aldeko elkarretaratzea egin dute gaur Leioako Udaletxearen aurrean. Plataformak salatu duenez Udalak lurzorua birkalifikatu nahi du.

Kurkudi mendia defendatzeko deia egin du SOS Kurkudi plataformak. (SOS Kurkudi).
Kurkudi mendia defendatzeko deia egin du SOS Kurkudi plataformak. (SOS Kurkudi).

SOS Kurkudi auzo plataformak Leioako Udalak Kurkudi mendiko lurzoruaren birkalifikatu nahi duela salatu du astelehen honetan. Dioenez, bertan Metropolitan enpresak kirol-klub pribatu bat eraikitzeko helburua du.

Plataformak azaldu duenez, babes bereziko lurzoru urbanizaezina da, Udalak berak onartutako hirigintza-arauen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Planaren arabera.

Hala ere, SOS Kurkudik salatu duenez, Udalak lurzorua birkalifikatu eta birsailkatu nahi du, kirol-ekipamendurako hiri-lurzoru bihurtzeko eta Atucha S.L. sustatzaileari eta Metropolitan enpresari kirol-klub pribatu bat eraikitzeko baimena emateko. Horretarako, beste 25.000 m2 eraiki beharko lirateke egungo Dominiken komentuaren ondoan.

Plataformaren esanetan, makroproiektu hori «ez da beharrezkoa herriarentzat», eta «eraikin historiko bat, hau da, domingotarren komentua, berrerabiltzeak ez du zertan ekarri behar 25.000m2-ren eraikuntza berria».

Gainera, 2019ko abenduan 39 alegazio aurkeztu zituzten proiektuaren aurka, eta Udalak 11 hilabete geroago erantzun dietela adierazi dute.

«Esan behar da alegazioei emandako erantzuna irrigarria izan dela eta interes gutxienekoa, beraiek egindako laburpenaren laburpenari erantzun baitiote, alegazio bakoitza benetan argudiatzen zen paragrafoak alde batera utzita», dio plataformak.