OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

«Ume txikienentzat» diskoa aurkeztu du Jabier Muguruzak, ‘Oker (txakurra da)’

Jabier Muguruzak disko berria aurkeztu du, ‘Oker (txakurra da)’, ume txikienengan pentsatuta egindakoa. Haurrentzat azkena egin zuenetik lau urte igaro dira eta orain ere Iñaki Irazu izan du alboan jolasetik asko duten letrak idazten. Berritasunetik badu, baina, Nieves Arillaren ahots «magikoarekin» plazaratu baititu hamar kantuak.

Jabier Muguruza eta Mikel Azpirozek ‘Oker (txakurra da)’ diskoa aurkeztu dute. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Jabier Muguruza eta Mikel Azpirozek ‘Oker (txakurra da)’ diskoa aurkeztu dute. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Jolasa eta dibertimendua planteatzen ditu Jabier Muguruzaren azken diskoak, ume txikientzat ez, «ume txikienentzat» egindakoa. «Bereizketa hori egitea komeni da», azpimarratu du egileak. ‘Oker (txakurra da)’ jostatia da izenburutik bertatik, eta entzulearen konplizitatea eskatzen du, bere inplikazioa, ondo pasatzeko egarria. Patxadaz egiten du gainera, sosegua iradokitzen duten melodiei esker. Lasaitasuna eta geldotasuna, baina biziak eta arinak dira aldi berean letrak.

Astelehen honetan aurkeztu du diskoa musikariak Donostian. Lau urte igaro dira umeei zuzendutako azken diskoa kaleratu zuenetik (‘Harrizko hitzegia’, 2016) eta aurretik beste bi eginak ditu. Genero propiotzat du Muguruzak eta, NAIZ-i agerraldiaren ostean adierazi bezala, arraina itsasoan lez sentitzen da ur horietan murgilduta. Haurrentzat literatura zein musikarekin duen betiko lotura gogoratu du, eta soka sendoa dela aldarrikatu du. «Hori ere nire mundua da», erantsi du. Ez da itzulera bat beraz, neurri batean Jabier Muguruzak ez duelako bertatik inoiz alde egin. «Proiektu hau zerbait berezia da, ilusionantea», laburtu du.

Hazia itxialdi garaietan du. Zinez garai zailak; nola ez, modu berezian eragin zutenak ume eta haurrengan. «Pandemian hasi zen proiektua eta pandemiaren osteko garaietan amaitutakoa da, baina hasierak haiek izan ziren», gogoratu du. Kontaketarekin jarraitu aurretik, ordea, erantsi beharreko izen propioa da Iñaki Irazu idazlearena, letrak bereak baitira honetan ere. «Pandemia etortzearekin batera Iñaki eta biok martxan jarri ginen. Erdi brometan baina haur literaturan eta musikan onomatopeien balioaz aritu ginen mintzatzen. Handik gutxira bidali zidan ‘Karranka eta intziri’ izeneko poematxo bat, zoragarria, eta ondoren bilakatu zen diskoaren lehenengo kanta. Protagonistak bi ate ziren, bata oso zaharra, karran karran egiten duena, eta bestea berri-berria eta mehea, eta hark iiiiii egiten zuen…». Onomatopeia horiekin jolastuz haritik tiraka tiraka etorri zen ondoren hitz, jolas, poema jarioa. «Lehenengo testuarekin txoratuta gelditu nintzen eta jarraitzeko testu gehiago bidaltzen eskatu nion. Egoera oso konplikatuak bizi genituen, baina emailez bidaltzen zizkidan pixkanaka».

Etxe bateko bi ate beraz. Ideia ustez inozo hark piztu zuen txinparta, zeren «asmoa ez zen gero abesti sorta bat egitea», kontatu duenez, baina emaitza ikusita Irazuk segi zuela hitz jolasekin eta hala, konfinamendutik kanpo ere jarraitu zuten hartu emanean, zertan amaitu zitekeen jakin nahian. «Hiruzpalau kantu konposatu genituenean hitz egin nuen Mikel Azpirozekin, eta proiektuaren asmoa aipatu nion». Azpiroz da ‘Oker (txakurra da)’ diskoko beste izen aipagarria, Muguruzarekin lana aurretik makina bidez egindakoa. Musika janzkeraz arduratzen hasi zen bera eta uda parterako hamar kantuak prestatuak zeuden. «Gainontzeko musikariekin lotu eta aurrera eraman genuen».

Irazu eta Azpiroz, aurretik Muguruzaren ibilbideari lotutako izenak badira, azken proiektu honek bide berriak urratzeko aukerak jarri dizkio, eta hor kokatzen da Nieves Arilla abeslariaren ahotsa. Haurrei zuzendutako beste lanetan txikien ahotsak erabili bazituen kantuan egiteko, disko honetan ez dago halakorik. Hasieratik, diskoak forma hartu aurretik ere, «oso argi» zuelako Arillarenak behar zuela ahotsa, Muguruzarenarekin batera. «Ahots zoragarria du, magikoa, naif ukitua duena», eta ezaugarri horiek bete-betean egiten dute bat «Irazuren letren nortasunarekin», proiektuak bilatzen zuenarekin. Aspaldian ezagutu omen zuen Arilla zaragozarra, Sorotan Bele taldeko kide zen Mikel Erraztiri 2008an hainbat musikarik eskaini zioten disko batean parte hartu zuenean.

Kantak, ongarri

Abestiak poliedrikoak dira, erdi jolas, erdi ipuin labur, onomatopeiez josiak. Iruditegi oso aberatsa barnebiltzen dituzte. Horiek dira tresna helburua lortzeko: «Umearen barne munduan murgildu nahi izan dugu», bere irudimenean sartu eta arakatu. Aukeratutako estiloa berezia da, hori ere apustu bat izan dela dio Muguruzak. «Asmoa ez zen zerbait zalapartatsua egitea, maiz txikientzat gauzak zaratatsutik edo builatik planteatzen dira, eta guk ez genuen horrelako ezer nahi, jolasa eta sosegua bilatzen genituen, patxada».

Akaso izango zuen eragina diskoa sortu momentuan bizi genituen garai asaldagarriak, kezkagarriak… edo agian ez, baina Muguruzak berak aitortzen duenez, kezkatzen zuen umeei egoera hark nola eragiten zien, hala nola horrek guztiak gerora izango dituen eraginak. «Nire betiko interesa izan da haur literatura eta musika; are gehiago, bietan abiatu nintzen haurrentzako lanekin. Beti izan ditut presente», dio, egoeraz eta garaiaz galdetuta.

Era berean, «izan nintzen umearekiko» ere ez duela inoiz arreta galdu aldarrikatu du, baita «haurtzaroa hainbeste markatzen gaituen garai horrekiko». Zentzu horretan, bat egiten du Iñakik Irazurekin hitzekin, auzia dela «kanta hauek ume guztientzat ongarri izatea, bai haur direnentzat eta nagusion baitan bizirik dauden umeentzat».