Maite Ubiria

Abenduaren 2a arte atzeratu dute Josu Urrutikoetxearen aurkako Hergueta auziaren azterketa

Parisko Dei Auzitegiak Hergueta kasuarengatik Josu Urrutikoetxearen aurka Madrilek aurkezturiko estradizio eskaerari erantzuna eman behar zion gaur. Prozedura akats bat tartean, heldu den abenduaren 2an aztertuko du berriz dosierra.

Urrutikoetxea eta bere abokatua urriaren 19an Parisko auzitegian harturiko argazki batean. (Bob EDME)
Urrutikoetxea eta bere abokatua urriaren 19an Parisko auzitegian harturiko argazki batean. (Bob EDME)

Michelin enpresak Gasteizen duen lantegiaren zuzendaritzako kidea zen Luis Hergueta ETA pm-k eginiko atentatuaren ondorioz hil zen. Josu Urrutikoetxearen defentsak Urrutikoetxea ez zela inoiz erakunde horren kide izan aldarrikatu du auzian zehar.

Dei Auziegiak gaur asteazkenean jakinarazi behar zuen bere erabakia. Izan ere, Egoitz Urrutikoetxeak NAIZi azaldu dioenez, prozedura akats bat tartean heldu den abenduaren 2an epaileek berriz ere aztertuko dute dosierra.

Joan zen uztailaren 1ean Dei Auzitegiak espainiar Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen aurka aurkezturiko bi euroaginduetatik bat atzera bota zuen.

Madrilgo epaitegiak «gizateriaren aurkako krimenak» delitua egotzi nahi zion Urrutikoetxari 2006an Barajaseko aeroportuan ETAk egin zuen erasoaren ardura zuelakoan. Bi pertsona hil ziren atentatu horren ondorioz.

Egun berean, auzitegi horrek Urrutikoetxea libre uztea erabaki zuen heldu den urtean bere aurka frantziar justiziak zabalik dituen auzi bi egin arte.

Uztailaren 29an Santeko espetxetik atera zen ETAren amaiera iragarri zuen militante historikoa.

Eskumutur elektronikoa eraman behar du geroztik Parisen bizi den ugaotarra.

Atzo, berriz, Kasazio Gorteak bere oniritzia eman zion Madrilek Urrutikoetxea espainaratzeko luzaturiko bertze estradizio bati.

Hala 1987. urtean Zaragozan Guardia Zibilak zuen kasernaren kontra ETAk eginiko atentatua dela-eta Urrutikoetxea espainaratzaren alde azaldu zen franziar auzitegi gorenak.