NAIZ

‘Euskaraldia solasguneak’ antolatu dituzte, euskarak gizartean duen presentziaren argazkia egiteko

Euskaraldiaren egitarauaren barruan hiru mahai-inguru egingo dira datozen egunetan Donostian, euskarak gizarteko eremu ezberdinetan duen presentziaren argazkia egiteko xedearekin.

Euskarak gizarte eremu desberdinetan duen presentzia aztertu nahi dute solasaldietan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Euskarak gizarte eremu desberdinetan duen presentzia aztertu nahi dute solasaldietan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

‘Euskaraldia solasguneak’ izeneko mahai-inguruen berri eman du Euskaraldiak ohar batean. Kutxa Fundazioarekin batera antolatutako ekimen hauen helburua euskarak gizarteko eremu ezberdinetan duen presentziaren argazkia egitea da, «hizkuntza ohiturek eremu bakoitzean duten garrantzia aztertuz eta inertziak apurtzeko gakoak identifikatzeko helburuarekin».

Hala, hauek dira solasaldietan aztertuko diren gaiak, hiru eremu zehatzetan: arlo sozioekonomikoa, musika eta gazteek sare sozialekin duten harremanetan. Mahai-inguru bakoitzean lantzen den arloarekin harreman zuzena duten pertsonak izango dira hizlari, kazetari batek gidatutako saioan.

Azaroaren 23an, astelehenarekin, Aiora Mujika youtuberra, Iruñe Astiz diziplina anitzeko artista eta Alex Padilla Gazteako sare sozialen arduraduna ariko dira ‘Hizkuntza hautua sare sozialen garaian’ gaiaren inguruan. 

Azaroaren 25ean, ‘Musikariak euskaraz kantatzeko erabakiaz mintzo’ izango dute hizpide Rafa Rueda, Alex Sardui eta Maria Rivero musikariek.

Abenduaren 1ean, azkenik, Ander Aizpurua Kutxako zuzendari orokorra, Naiara Goia Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko Zuzendaria eta Mari Jose Aranguren Orkestra institutuko zuzendariak ‘Arlo sozioekonomikoaren hizkuntza (k)’ aztertuko dute.

Solasaldi guztiak Donostiako Tabakaleran egingo dira, Kutxa Kultur Plazan, 19.00etatik aurrea. Aretoaren aforoa mugatua dago eta izena eman beharko da aurrez Euskaraldia.eus/solasguneak webgunean. Euskaraldiaren webgunean ere egongo dira ikusgai mahai-inguruak eta EiTBk streaming bidez eskainiko ditu.