Dabid Lazkanoiturburu

Nazismoa Nurembergen epaitu zuten, gaurko egunez duela 75 urte

Gaurko egunez, 1945ean, inoiz egin den epaiketarik handiena hasi zen Nurembergen. 21 goi-kargudun nazi akusatuen eserlekura eraman zituzten, horien artean Hitlerrek bere oinordeko izendatu zuen Hermann Goering, nazioarteko justiziaren aurrean erregimenaren krimenengatik erantzuteko.

Goi-kargudun naziak, akusatuen eserlekuan. (STRINGER/AFP)
Goi-kargudun naziak, akusatuen eserlekuan. (STRINGER/AFP)

Gerra-kriminal alemaniarrak epaitzeko ideia lehendik zetorren. 1943. urtean aukera eta beharra aztertzeari ekin zioten potentzia aliatuek. Nazien erregimenak amore eman eta kapitulatu aurretik nazioarteko epaitegi baten aurrean prozesu publiko bat zabaltzekotan izan ziren.  

Azkenean, gerra amaitu eta sei hilabetetara, 1945eko azaroaren 20an, Nuremberg hirian hasi zen epaiketa. Jatorriz lau potentzia garaileetakoak ziren epaile eta fiskalek 300.000 testigantza eta 6.600 ebidentzia aztertu zituzten, 42 artxibategi-bolumenetan laburbilduta.

Hiria guztiz hondatuta utzi zuten aliatuen bonbardaketek baina Justizia jauregiak zutik iraun zuen eta bertan egin zen epaiketa. Nuremberg, hiri inperial izandakoa, nazismoarentzat sinbolo bat zen, bertan Hitlerrek izugarrizko jendetza biltzen  1935ean, judutarren aurkako legeak inposatu zituenean.

Duela 75 urte, goizeko 10.00etan hasi zen epaiketa, ehunka kazetariren aurrean.  «Auzi honetan salaketa jarri duena zibilizazioa da, ez beste inor», gogoratu zuen Robert Jackson Ameriketako Estatu Batuetako fiskalak.

Akusatuen artean, bizirik jarraitzen zuten goi-agintari naziak: Joseph Goebbels eta Heinrich Himmler. Erregimenean bigarren buruzagi nagusi zen Hermann Goeringek Rudolf Hess zuen ondoan. Haiekin batera eserita zeuden Alfred Rosenberg, alderdiaren ideologoa; Fritz Sauckel, gatibu-lanen arduraduna; Joachim von Ribbentrop, Kanpo Arazoetarako ministro nazia...

Konplota, gerra krimenak, bakearen aurkako krimenak eta, historian lehen aldiz gizateriaren aurkako krimenak leporatu zizkien Fiskaltzak. Ordutik, hiru urte igaro behar izan ziren Nazioarteko Zuzenbideak genozidio terminoa 1948an onartu zuen arte.

Irudi ikaragarriak

Auziperatu guztiek «nicht schuldig» (ez errudunak) zirela erantzun zuten, baina Mendebaldeko aliatuek konzentrazio-esparruetan grabatu zituzten irudien proiekzioak aldarrikapen haiek ixilarazi zituen.

«Buchenwald eremuko errausketa-labea ikustean ikaratuta agertzen da Sauckel, larru-azalarekin egindako lanpararen pantaila agertzen denean ‘ezin dut hori sinetsi’, ukatu egiten du Streicherrek (…) Frickek burua astintzen du, sinesgogorrarena egiten, mediku batek Belseneko presoen aurkako tratu txarrak azaltzen dituenean», hitz horiek erabili zituen Gustave M. Gilbertek, auzipetuak giltzaperatuta dauden espetxeko psikologoak, ‘Le Journal de Nuremberg’ (1947) liburuan.

Akusazioaren 33 testigantzen artean, ikaragarria da Marie-Claude Vaillant-Couturier erresistentzia frantseseko kide eta Auschwitz-Birkenau eta Ravensbruck konzentrazio-esparruetatik bizirik atera zen emakumek kontatutakoa. Bi ordu luzez aritu zen: «Jaioberriak beren amen aurrean ito egiten zuten, putzuetako ura edateea behartzen gintuzten…».   

«Epaileen aurrean hitz egin aurretik akusatuen arretik pasa nintzen, astiro-astiro. Gertutik ikusi nahi nituen. Halako krimen higuingarriak egiteko gai diren pertsonak nolakoak izan daitezkeen galdetzen nion neure buruari», azaldu zuen  Vaillant-Couturierrek ‘L'Humanité’ egunkarian.

Ebazpena 1946ko urriaren 1ean eman zen jakitera: 12 heriotza-kondena (horien artean bat, errebeldian, Hitlerren idazkari Martin Bormannentzat, zeinaren heriotzaren berri ez zeukaten orduan), hiru biziarteko espetxe-zigor, 20 urteko zigorrak beste bi akusaturentzat eta, azkenik, 15 eta 10 urteko zigor bana beste birentzat.

Akusatuetako hiruk espetxea saihestu zuten. Absoluzio horiek behatzaileak harritu egin zituzten, baina epaiketaren arduradunek prozesua zuzena izan behar zuela azpimarratu zuten.

Goeringek bere buruaz beste egin zuen

Historian zehar aizindaria izanik ere, epaiketak kritikak jaso zituen. Batetik, garaileen justizia adierazten zuelako eta hainbat gertakari itzaletan mantendu zituelako: sobietarrak Katyneko sarraskia (Poloniako 25.000 militarren exekuzioa) naziei leporatzen saiatu ziren, Britainia Handiak eta Estatu frantsesak lehenik (Municheko Ituna) eta Sobietar Batasunak gero (Ribbentrop-Molotov Ituna) Hitlerrekin sinatu zituzten akordioen inguruan ez zen aipamen bakar bat ere egin...  

Hori gutxi balitz, Hermann Goeringek bere buruaz beste egitea lortu zuen bere ziegan zianuro kapsula bat lortu ostean, urkatuta hiltzea «soldadu batentzat iraingarria» zelakoan. Handik ordu batzuetara, urriaren 16ko goizaldeko ordubatean, urkatu egin zituzten beste hamar goi-kargudun nazi.

Euren gorpuak, Goeringenarekin batera, erraustu egin zituzten eta errautsak Isar ibaiaren adar batean barreiatu zituzten, Hitlerren jarraitzaileek hilobietan biltzeko aukerarik izan ez zezaten.