Ainara LERTXUNDI

‘Zu non, han DA!’ ekimena, Durangoko Azoka herrietara eta kulturzaleengana gerturatzeko

Pandemiak eragin dituen aforo eta mugikortasun murrizketak gainditu ahal izateko, aurten Durangoko Azokak herrietara eta liburu-dendetara salto egingo du Donostian aurkeztu duten ‘Zu non, han DA!’ egitasmoaren bidez. 

Bingen Zupiria sailburua eta Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujika, «Zu non, han DA!» egistamoaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Bingen Zupiria sailburua eta Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujika, «Zu non, han DA!» egistamoaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

‘Zu non, han DA!’ egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikak eta Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua den Bingen Zupiriak Donostiako Dabadaba aretoan.

Aurten Durangoko Azokaren edizioa berezia izango dutela nabarmendu dute. Izan ere, pandemiaren eraingez ezarritako mugikortasun eta aforo murrizketak direla eta, modu presentzialean soilik Durangoko eta mugakide diren herrietako biztanleak joan ahalko dira. «Hori dela eta, aurten euskal herrietatik Durangora etortzerik izango ez denez, Durangoko azoka joango da euskal herrietara», adierazi du Mujikak.

‘Zu non, han DA!’ ekimenaren helburua, «Azokako egitaraua eta denda kulturzaleengana hurbiltzea da, bai online eta baita modu presentzialean ere».

Egitasmo honek bi ardatz izango ditu: Plaza eta Denda. Lehenengoari dagokionean, 32 musika taldek zortzi herritan kontzertuak emango dituzte. «Batzuk ibilbide luzeko bandak dira eta beste batzuk, ostera, lehenengo diskoa atera dutenak», zehaztu du Mujikak. Talde horien artean, Gatibu, Zea Mays, Nøgen, Dupla, Sua, Brigade Loco, Amorante, Ratix, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak eta Joseba Irazoki daude.

8 herri eta 32 kontzertu

Kontzertuak abenduaren 5etik 8ra egingo dira ondorengo herrietan: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Dabadaba) eta Atarrabia (Totem). Ipar Euskal Herrian ezinezkoa izan dute kontzerturik antolatzea osasun-alarma egoera dela-eta. Sarrerak bihartik (azaroak 21) aurrera eskuratu ahal izango dira www.durangokoazoka.eus webgunean, 11.00etatik aurrera. Prezioa 8 eta 15 euro artekoa izango da.

Denda izango da ‘Zu non, han DA!’ egitasmoaren bigarren ardatza. Azoka amaitzean, abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra arte, aldez aurretik izena eman duten liburu-dendetan Azokako produktuak egongo dira salgai, modu presentzialean.

«Azokako online denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina Azokaren eragina Gabonetarako erosketetara ere zabaldu nahi dugu eta liburu-dendetan emango diogu jarraipena online dendari», azaldu du Mujikak.

Durangoko Azoka, «saltoki bat baino askoz gehiago»

«Argi genunen ezinezkoa izango genuela betiko Azoka antolatzea, baina aldi berean argi genuen ere inoiz baino beharrezkoagoa zela antolatzea zeren osasun krisiak gogor kolpatu ditu arlo guztiak, baina bereziki latza izaten ari da kulturgintzarako. Benetako erronka izaten ari da antolakuntzarekin, Azoka aurrera ateratzea alternatiba desberdinak aztertzen eta lantzen aritu gara azken hilabeteotan, ez genekien eta zein egoeratan iritsiko ginen Azoka egunetara. Mundu dijitalak ematen dizkigun aukerak aprobetxatu nahi genituen baina presentzialtasuna galdu gabe, Durangoko Azoka ez baita soilik saltoki bat, hori baino askoz gehiago da; topalekua da, esperientzia gozamena eta beste hainbat aurpegi ditu», nabarmendu du Gerediaga elkarteko presidenteak.

Zupiriak, berriz, gogora ekarri du duela bi hilabete Gerediagarekin egindako bilera. «Galdera zen ea egiteko modurik izango zen. Duela bi hilabete erabaki genuen betiko Azoka ez zela egingo, ezin zitekeela egin. Azoka betiko moduan deitzeak esan nahi zuen milaka pertsona Durangora mugitzeko espektatiba sortuko genuela eta aurreikusi genuen hori ezinezkoa zela. Erabaki genuen, ordea, Durangoko Azoka egingo zela baina beste era batera eta hor sortu zen modu birtual batean, denda, erakusleiho digital bat sortzea urtero Durangon aurkezten diren kolekzio guztiak erakusteko».

«Durango erakusleiho handi bat da. Dendatik asko du, plazatik asko du eta harremanak sortzen diren gunetik asko du ere. Gure kultur industrian, ekonomian, eragin izugarria duen toki bat da. Argitaletxe batzuek, txikienek, urtean zehar egiten dituzten salmentarik gehienak Durangoko Azokaren bueltan egiten dituzte eta hau are eta nabarmenagoa da musikaren kasuan», adierazi du Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak.

Zupiria: «Modu kolektiboan erantzun behar diogu erronkari»

Durangoko Azoka herrietara gerturatzeak «aukera emango die sortzaile askori beraien azken lanak jendaurrean aurkezteko modu presentzial batean. Kultur jardunak zabalik ditugu, eta horiek dituzten mugak izango dituzte abenduaren 5etik 8ra aipaturiko aretoetan egingo diren kontzertuak».

«Durangoko Azokak erronka handia du euskarazko kultur industrien biziraupenerako diru sarrera garrantzitsua ematen duelako. Normalean Durangora bisita egiten dugun guztioi erronka bat ezartzen digu urte honetako edizioak. Modu kolektiboan gure liburugintzak eta musikagintzak duen premiari erantzutea da erronka», nabarmendu du Zupiriak.

Bere hitzetan, «hori egiteko modurik eraginkorrena eta hoberena momentu honetan Durangoko bueltan sortu diren eta aurkeztuko diren liburu eta musika gaiak erostea, ordaintzea eta industria horren atzean dauden sortzaileei laguntzea».

Durangoko Azokaren egitarau osoa eta aurtengo gainontzeko nobedadeak azaroaren 26an aurkeztuko dituzte.