Jon Ormazabal

Elezkano txikitu eta Buruz Burukoaren bere lehen finalean da Erik Jaka (6-22)

Partida hasiera oso lehiatu eta estu baten ostean, Elezkano 6-5 aurreratu bada ere, lizartzarrak askoz hobe eman dio buelta gorputzari eta 17 tanto jarraian eginda garaipen handia lortu du.

Amorruz ospatu du bere lehen finalerako txartela Erik Jakak. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Amorruz ospatu du bere lehen finalerako txartela Erik Jakak. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Aspaldian jarraika zuen zorte txarrari iskin egin eta bere ibilbideko lehen mailako lehen finala jokatuko du Erik Jakak, non eta Buruz Burukoan, Danel Elezkanori Bilbon 6-22 irabazi ostean. Orain hilabete ez dela ere, birus arraro batek jota, makalik egon zen lizartzarra eta hala egin zion ihes Binakako finalak, baina gaur fisikoki aurkaria baino askoz gehiago izan da gipuzkoarra eta, 17 tanto segidan lortuta, datorren iganderako txartela eskuratu du, partida handia jokatuta.

Lehiak, hala ere, oso bestelako hasiera izan du, ordea, lehiatua eta borrokatua oso. Erritmo bizian ekin diote biek partidari, Erik Jaka Zaratamokoaren eskuina bilatuz eta Elezkano oso joko motzarekin. Zabaletik ozta-ozta bildu duen pilota bati esker, 6-5 aurreratu da bizkaitarra eta ordurako 104 pilotakada gurutzatu badituzte, beste 74 baino ez ditu behar izan Jakak 22. kartoira heltzeko.

Fisikoki askoz hobeto eman dio buelta Erik Jakak hasiera akigarri horri, 6-8koan atsedena eskatu duenean oso zurbil eseri da Elezkano aulkitxoan eta ez da egoera iraultzeko gai izan. Hein handi batean, berak astebete lehenago Asier Agirrerekin egin bezala, sakearekin min handia egin diolako arerioak. Saiatu da Jaka zabalera aterata, baina, batez ere, paretara ondo bilduz egin dio mina lizartzarrak Elezkanori, hein batean zabalean aterata sortutako zalantzak aprobetxatuz. Denera zazpi tanto egin dizkio lehen pilotakadarekin eta errematean ere oso fin arituta, bere ibilbideko garaipenik handiena eskuratu du.

FITXA TEKNIKOA:

Elezkano II.a: 6

Erik Jaka: 22

Pilotakadak: 176. Iraupena: 35,21 minutu. Markagailua: 0-4, 4-4, 4-5, 6-5 eta 6-22. Sakeak: 0 Elezkano II.ak eta 7 Erik Jakak. Tantoak: 3 Elezkano II.ak eta 13 Erik Jakak. Hutsak: 2 Elezkano II.ak eta 3 Erik Jakak. Gorabeherak: Publikorik gabe jokatu da finalerdia Bilboko Bizkaia pilotalekuan.